GARA > Idatzia > Ikusmira

Kultur Plan oso eta arranditsua, baina oraingoz ukiezina eta urte eta erdian gauzatzen zaila

Lakuako Kultura sailburu Miren Azkaratek atzo aurkeztu zuen Euskal Kultur Planak ez du ezer falta: Arte Eszenikoen irakaskuntza zentroa; Arte eta Industrien Institutua; Museoen, Liburutegien eta Artxibategien legeak; Lur Telebista Digitalen dekretua; Euskal Filmoteka; Etxepare Institutua... Eta azken bi urteotan, diotenez, helburuen %60 bete dituzte. Plana 2009 bitarteko urte eta erdi honetan osatzekoa omen da. Ez zuten zehaztu nola, ordea. Kultur Plana egon badago. Baina aurrekontua dagoenez, eman lezake badagoela, zerbait egin beharra dagoelako, eta kulturaren alor guztietatik aspalditik kexa handiak, eta eskaera argi eta zentzuzkoak daudelako. Horiei nolabaiteko erantzuna eman behar eta Plan arranditsu hori aurkeztu dute. Arazoa da mota guztietako lege eta proiektuak biltzen dituen Plan horretako proiektuak guztiz zehaztu gabe daudela, airean: inork ez daki, edo ez zuten azaldu, behintzat, noiz, nola, non... gauzatuko diren iragarritako proiektuak. Kulturako profesionalak ez dira oso baikorrak. Azterketak azterketa eta iragarpenak iragarpen, ikusteko dago, eta ez berehala, Plan horrek benetan erantzuten dion sektoreko solaskideek agertutako beharrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo