GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zortzi txosna jarri dituzte Igorren atzo hasitako jaien giroa berotzeko asmoz

Jaiak hasi dira Igorren eta giro onean gainera. Atzoko txupinazoa bota zenerako, tenperatura goian zegoen eta ez bakarrik eguzkiak berotu zuelako. Bazkarian hainbat gazte eta ez hain gazte batu ziren jai giroan.

GARA |

Goiko plazan batu ziren atzo bazkaltzeko eta jai giroan agian festekin disfrutatzeko gogo gehien dutenak eta txalaparta soinuekin eta sagardoarekin jarraitu zuten giro onean. Arratsaldez, erretratu jolasarekin hasi ziren Koadrilen Olinpiadak, jaien hasiera ofiziala iragartzen duen txupinazoa bota aurretik.

Baina ostiral luzea izan zen benetan, zeren eta musikaren laguntzarekin, koadriletako kideek nahiko lan izan zuten geroago, Tapia eta Leturiaren ekitaldia hasi aurretik eta Orots taldearen erromeriarekin disfrutatzeko aukera izan arte.

Igorreko jaietako giroan ongi sartzeko, egitarauan antolatu dituzten gauzekin batera, aurten inoiz baino txosna gehiago jarri dituzte Plazan: zortzi hain zuzen. Horrek benetan indartu egin du parrandan ibiltzeko aukera, atzo bertan ikusitakoaren arabera behintzat. Izan ere, parrandazaleen artean txapeldun dira batzuk eta gaur goizean kalean ibiliko dira oraindik eta bat-batean esnatzeko edo jaiarekin jarraitzeko kalejira izango dute, Zuztertxu bertan izango baita.

Errekaren jaitsiera

Erreka inguruan izango da gaur eguerdi partean giroa, kontuan izanik koadrilek errekaren jaitsiera egingo dutela eta gainera sardinak erreko dituzte indarrak berreskuratzeko. Arratsaldez, artzain-txakurrak izango dira lan ariketak egiten jubilatu etxearen ondoko landan. Pixka bat beranduago errugbi partiduak jokatuko dituzte eta San Txisme zelaian, okela erreko dute merienda moduan. 17.00etan pilota partiduak hasiko dira eta bertan Izei eta Galarza neurtuko dira.

Gauaz ez dira kontzertu edo erromeriak antolatu biharko, baina seguru txosnetan eta tabernetan gau giroa berotuko dela berriro ere.

Zirkus Mirkus kale antzerkia

Igandean, txikienek eta gurasoek izango dute aukera. Zuztertxu agertuko da berriro ere eta kalejira izango da, eguerdian kale animazioa hasi aurretik. Zirkus Mirkus taldea izango da Igorren, Goiko plazatik hasita.

Arratsaldez euskara izango da koadrilen olinpiadetako gidoia eta 18.00etan, Lasarte Aretoan, Eriz magoaren emanaldia hasiko da. Arantzarte dantza taldeak ere protagonismoa izango du igande arratsaldez eta koadrilen arteko bosteko-futbol txapelketa bukatu eta gero, askaria izango da Lasarte parkean.

Eta lehenengo asteburua pasa eta gero, San Antonio eguna izango da urrengo ospakizun handia, hilaren 13an hain zuzen. Haurrei zuzendutako egitaraua antolatu dute horretarako eta eskoletako jolastokian puzgarriak, tailerrak eta jokoak izango dira goizez. Arratsaldez, playbacka izango da Goiko plazan, umeei zuzenduta eta ondoren moto-krosa eta antzerkia.

bazkariA

Goiko plazan batu ziren atzo, jai giroan, agian festekin disfrutatzeko gogo gehien dutenek eta txalaparta soinuekin eta sagardoarekin jarraitu zuten giro onean, txupina bota arte eta geroago ere, gauez.

errekan busti

Erreka inguruan izango da giroa gaur eguerdian, koadrilek jaitsiera egingo dute eta gainera, ondoren, sardinak erreko dituzte indarrak berreskuratzeko. Arratsaldez, artzain-txakurrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo