Sega Euskal Herriko Txapelketa
Ormaetxea eta Lapazaran elkarren aurka izango dira
Mariñelarena ere izango da Lantzen gaur jokatuko den kanporaketan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Segalarien asteburua izango da honakoa, Euskal Herriko eta Gipuzkoako saioak izango baitira, eta emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa lehen aldiz jokatuko baita.
Gaur abiatuko da segalarien asteburua Lantzen hasiko da eta han 12.00etatik aurrera Euskal Herriko Txapelketako final-laurdenetako bigarren kanporaketa jokatuko da Rekaldeko Bordako belardietan. Bertan, Ormaetxea, Lapazaran eta Mariñelarena izango dira. Telletxea ere bertan izatekoa zen, baina segalari nafarrak min hartu du, eta ezinezkoa izango du gaurko saioa jokatzea.
Segalariek orduerdia izango dute lanerako, eta kilorik gehien mozten duten bi kirolariek lortuko dute finalerdietan izateko txartela. Ormaetxea eta Lapazaran dira gaurko saioa irabazteko faborito nagusiak, eta gauzak ongi joanez gero biek egin beharko lukete aurrera.
Ormaetxeak pasatu den astean irabazi egin zuen Gipuzkoako Txapelketako kanporaketa, eta indartsu dagoela erakutsi zuen. Lapazaran, berriz, maila handiko segalaria da. Aurten orain arte ez dugu ikusi, baina beti ongi egoten den horietakoa da, eta bi hauen artean egon beharko luke gaurko garaipenak, eta biek izan beharko lukete finalerdietan. Mariñelarena da hirugarrena, eta etxean arituko den arren, oso zaila izango du bi handi horiei aurre hartzea.
Nesken lehiaketa
Bihar, berriz, Gipuzkoakoaren txanda izango da. Bigarren kanporaketa jokatuko da, eta nesketan, berriz, lehen aldiz jokatuko da herrialde honetako Txapelketa, eta bihar bertan banatuko dira txapelak.
18.00etan hasiko da jaialdia Zizurkilen. Zaldu Azpiko belardietan jokatuko da. Emakumezkoen lehen txapelketa honetarako hauek eman dute izena: Iurre Olano, Arrate Garin, Amaia Igartua, Arantxa Urbieta eta Maria Luisa Gabirondo.
Segalariek 35 metro koadroko bi sail izango dituzte, eta hor azkartasuna eta txukuntasuna uztartuko dira. Ez du balio belarra oso azkar ebakitzea, txukun ere moztu beharko da, bestela denbora gehitzen joango baitira epaileak.
Honelakoetan faboritoak aipatzea zaila izaten da, baina Maria Luisa Gabirondo kontuan hartu beharrekoa da. Orain dela gutxi Almintza elkartearekin Alemanian izan zen, eta irabazi egin zuen. Bihar ere ahaleginduko da lehenengo txapela eskuratzen.
Hala ere, bihar Zizurkilera hurbiltzen diren zaleek ez dituzte neskak bakarrik ikusiko, mutilen bigarren kanporaketa ere izango baita.
Pasatu den astean jokatu zen estreinakoa Orendainen, eta orduan betiko erara egin baldin bazen ere, oraingoan nazioarteko erara egingo da, eta segalariek 100 metro koadroko bi sail moztu beharko dituzte. Bat bukatu eta bestea hasi bitartean atsedena izango dute.
Bost segalarik eman dute izena aurten parte hartzeko, eta bostak izango dira bihar arratsaldean Zizurkilen. Honako hauek izango dira: Ormaetxea, Gabirondo, Alkorta, Goikoetxea eta Arteaga.
Pasatu den astean Ormaetxeak irabazi zuen, eta berriro ere faborito nagusietakoa izango da, baina pasatu den asteko lana eta biharkoa ez dira berdinak, baina sailkapenean ez dira aldaketa gehiegi izango.
Nafarroako jokoen lehiaketa gaur bertan abiatuko da. Errotxapean izango da irteera, 20.00etatik aurrera, Margarita plazan jokatuko baita estreinako norgehiagoka. Hainbat proba egin beharko dituzte eta saio bakoitzaren arabera puntuak banatuko dira.
Hiru jardunaldi jokatuko dira. Gaurkoa, Errotxapean izango da. Bigarrena ekainaren 24an Igantzin, eta azkenekoa uztailaren 1ean jokatuko da Orbaizetan.
Kirol mota asko ikusiko dira jaialdian bertan, baita maila handiko kirolariak ere. Dudarik gabe oso lehiaketa ikusgarria izaten da hau.