GARA > Idatzia > Errugbia

ASB taldeko neskek ez dute igoera segurtatuta

J.L. | BAIONA

Adarjotze latza egin die Estatu frantseseko Federazioak emakumezkoen Lehen Mailan dabiltzan taldeei. Orain dela bi aste jokatu ziren final-laurdenak, eta hango lau irabazleek Top 10era, mailarik gorenera, igoera segurtuta zuten; ospatu ere ederki ospatu zuten ASB Baionako neskek, baina aste honetan etorri zaie zaplaztekoa.

Aste honetan, Federazioak maila nagusia zortzi taldetan uztea erabaki du, oraindik inor igo ez zenean. Asteburu honetan jokatuko dira Lehen Mailako finalerdiak, eta bi irabazleek lortuko dute igotzea.

Ez da oso normala gertatu dena, erabaki hau askoz ere lehenago hartu behar baitzen, eta ez lau taldek igoera ospatu dutenean. Orain haietako bik dauden lekuan jarraitu beharko dute, eta hori kolpe handiagoa da, azken batean lortutako zerbait kentzea baita.

ASB Baionako taldeak Herms taldearen aurka jokatuko du partida erabakigarria Saint Paul Les Dax herrian, Landesetan, igandean 15.00etatik aurrera. Bi talde hauek multzo berean egon dira lehen fasean, eta lapurtarrek etxean irabazi egin zuten; Landesetan, berriz, berdindu egin zuten. Beraz, berde-moreak dira irabazteko faboritoak.

«Talde zaila da, oso jokalari onak dituzte, eta irabaztea ez da batere erraza izango. Hala ere urte guztia hortxe erabakiko da, eta dena eman behar dugu», esan zuen Amets Kastrejanak, ASB taldeko jokalariak.

Gertatu denari buruz hau esan zuen: «Kolpe handia izan da. Jadanik igota geunden, eta orain helburua Liga irabaztea zen, baina asmo nagusia beteta zegoen, eta aste honetan jakin dugunean kolpea izan da, baina beste taldeak ere egoera berean daude haiek ere igota baitzeuden, eta orain irabaztea besterik ez da geratzen», esan zuen. Ea beraz igandean igoera lortzeko moduan dauden.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo