Sonia Gonzalez Idazlea
Egunkariak dakarrena
Orrialdea pasatzen badugu, hantxe munduko hiltzaile krudelenak, denak irribarretsu. Horra hor gerrarik zentzugabeko eta odoltsuenen errudunak. Berdin da, G8ak seguru Aita Santuraren beraren bedeinkapena ere badaukala
Mundu guztia oraingo aste honetan komentatzen dabilen horren inguruan egin nezake artikulua, baina ez dut egingo. Ez dut egingo, horixe izango litzatekeelako prozesuaren «porrota» su-etena bertan behera uztearekin parekatzea. Ez dut egingo,badakigulako beste batzuk direla errepresio formulak bertan behera sekula utzi ez dituztenak, prozesuari heltzeko asmorik erakutsi ez dutenak, saihesbideak hartzen ahalegindu direnak. Ez dut egingo orain, «ados ez daudenak» ez dutelako ausardiarik eduki, besteak mahaitik altxatu bitartean, benetan tenk egiteko. Ez dut egingo, oraindik orain ibili garen bide hori hortxe dagoelako eta Espainiako gobernuak oraindik denbora daukalako hobeto pentsatzeko eta mendekuaren kamino ilun ezagun eta tristea ez hartzeko.
Eta horrek arazoa sortzen dit, egia esan, zeren eta martzianoetan martzianoenaren irudia eman dezakedan ez-dakit-zelako gai ateratzen badut orain txisteratik. Edozelan, ez dago kapela baten barruan konejurik topatu beharrik, edozein egunkari nahikoa da hamaika ikusteko:
Horrela, hainbat manifestazio «kuriosorekin» egin genezake topo, hala nola mossos d'esquadra direlako horiek Bartzelonan burutu zutena. Pertsona dezenteren batek pentsa lezake akaso «funtzionario onak» zirela horiek eta euren «lankide gaiztoen» kontrako adierazpenak kaleratu nahi zituztela... Baina ez. Tratu txarrak bideo zintetan grabatuta eta guzti, aurpegi gogorraz irten ziren lotsa izpirik gabe inoren dimisioa eskatzeko. Eta dimisioa eskatzeko arrazoia ez zen komisarietan horrelako gauzak gertatzen direlako, ez noski! Baizik eta, torturatzaileak akusatu dituztenez, ba, «jendearen konfiantza» urratzen delako. Bakarrik falta izan zitzaien oihu batez eskatzea Guardia Zibilak jasotzen duen tratu berbera emateko eurei ere. Horrela, pankartaren leloa «per la dignitat policial» barik, «inpunitate osoa indar polizial guztiontzat» askoz egokiago ikusten dut nik. Eta, zergatik ez, «autolesionatzen» diren beste horiek ere salatu ditzatela gezurra esateagatik.
Eta orrialdea pasatzen badugu, hantxe munduko hiltzaile krudelenak, denak irribarretsu argazkian. Horra hor gerrarik zentzugabeko eta odoltsuenen errudunak, gosete eta pandemia handienen errudunak, herri osoen genozidioen errudunak. Den-dena dolar edo euro gutxi -edo, hobeto esanda, asko- batzuk poltsikoratzearren. Berdin da, G8ak seguru Aita Santuaren beraren bedeinkapena ere badaukala. Eta, lasai, U2 taldeko «SuperBono» Merkelekin egon da berbetan eta bere super-botereekin kapital basatiaren triskantza eta sarraskiak laster batean konponduko dira, eta multinazional batekin beste disko bat grabatuko du ospatu ahal izateko.
Eta hori guztia gutxi balitz bezala, berriro etxera bueltatuta, Balzak jadanik iragarri digu bizkartzainen negozioa puzten eta puzten jarraituko dutela: PP eta PSOEko kontzejal berriak, jadanik postua utzi dutenak, beharbada PNVkoak ere bai... suma y sigue. Inbertitzeko sektore segururik baldin badago herri honetan, hori seguratena da, zalantza barik. Jakin zuten, bada, gure lagun jeltzaleek prozesuak aurrera eginez gero txolloa zentzu guzti-guztietan amaituko zitzaiela...