GARA > Idatzia > Euskal Herria

Genero indarkeriaren lan-taldearen zeregina oztopatzea egotzi die EAJri, EAri eta EBri

GARA |

Gasteizko legebiltzarreko Ezker Abertzaleak Emakumea eta Gazteriaren Batzordearen baitan dagoen emakumearen kontrako indarkeriaren lan-taldeak urratsak egiteko dituen zailtasuna salatu du.

Aipatu lan-taldea aurreko legealdian abiatu zen eta xede du neurri zehatzak proposatzea Lakuako Gobernuari emakumeen kontrako indarkeriari aurre hartzeko. «Hasieran hainbat profesionalen agerraldiak izan genituen, eta ondoren, atzerapenak atzerapen, 2006ko irailean txostenaren ardatzak finkatzeko epea zehaztu zen, baina hainbat aitzakia direla medio, asko atzeratu zen berriro ere», salatu zuen.

Ezker Abertzalea legebiltzarreko taldearen esanetan, jadanik iritsi da neurri zehatzak proposatzeko garaia baina, berriz ere, arazo «berberarekin topo egin» dute. «Hirukoak edozein aitzakia baliatzen du lan-talde horren jarduera oztopatzeko. Bai hitzen definizioak, bai sailen eskuduntzak, bai eta beste edozein aitzakia erabiltzen dute aurrerapausoak ekiditeko», nabarmendu zuen.

Aitzakiak ugari

Euren esanetan, Hirukoa osatzen duten alderdiek erabakia dute «lan-talde horrek ezin duela bere lana bukatu legealdi honetan». «Ez da ulertzen Hirukoaren jarrera oztopatzailea, emakumeen kontrako indarkeria oso larria da, eta erakunde honek egoera horri erantzun behar dio ahalik eta azkarren» azaldu zuen, oztopoen atzean «bestelako interesak» direla nabarmentzearekin batera.

Taldearen aburuz, horrela jarraituz gero, lan-taldeak ez du bere helburua erdietsiko legealdi honetan. Alde horretatik, haiek ahalegin guztiak egingo dituztela jakinarazi zuten. Horren haritik, ordea, EAJri, EAri eta Ezker Baturari zuzendu zitzaizkion eta lan-taldekoek lanik egin nahi ez badute, «gutxienez ez dezatela besteen lana oztopa» eskatu zieten Esker Abertzaleko taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo