Politikoek ez dituzte BFk ezarritako gutxieneko neurriak gainditu
GARA |
Bilgune Feministak maiatzaren 27an egindako udal eta foru hauteskundeko kanpaina aztertu du eta alderdien aldetik emakumeak politikara erabat sartzeko borondatearen gaineko zalantzak azaldu ditu.
Nabarmendu duenez, zerrendak osatzerakoan alderdiak legea betetze hutsera mugatu dira, «emakumeen gaitasun politikoen aldeko apusturik egin gabe». Alde horretatik, datu aipagarri iruditu zaie PSEk Araban alkategairako emakumerik ez aurkeztea. «Beste herrialdeetan, berriz, EA Bizkaian (10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan), EAJ Gipuzkoan eta NaBai Nafarroan (2.000 baino gehiagokoaetan) dira emakume zerrendaburu gutxien aurkeztu dituztenak».
Zenbakiez gain, ekitaldi eta ekimen publiko orotan ez dela emakumeen parte-hartze parekidea kontuan hartu salatu dute, «eta eman den irudia guztiz maskulinoa izatea lortu dute». Salbuespenak alderdietako pertsona indartsuak emakumeak izan direnean jaso dira eta adibide jarri dituzte Uxue Barkosen, Begoña Erraztiren eta Marine Pueyoren kasuak.
Diskurtsoari dagokionez, berriz, emakumeak eta haien bizi baldintzak apenas ez dituztela aipatu kritikatu dute, «zehazki mitina ematera joandako tokiari zuzenki lotutako komentarioaren bat salbuespen izanik». «Mintzatzerakoan bi sexuei erreferentzia `politikoki zunenaz' gain, ez dugu beste inolako zeharkako erreferentziarik aurkitu, ezta emakumeei zuzendutako mezurik ere», azaldu zuten.
Hala, salatu duenez, politikoek ez dute gainditu Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetan Bilgune Feministak ezarritako gutxieneko neurriak.