MCC, 100.000 langile erosketei esker
Mondragon Korporazio Kooperatiboaren erronken artean, hala onartu baitzuen Kongreso Kooperatiboaren Batzarrak, enplegu eta kooperatiba berriak sortzea dago. Dagoeneko MCCk 100.000 langile ditu, eta hazkunde bizkor horren kausa azken urteotan egindako erosketak dira, batez ere Fagorrek eta Eroskik -egunotan Caprabo erosi duenak- egindakoak. Baina hazkunde bizkor hori ez dator bat esandako erronkarekin edo, gutxienez, arreta ematen du hazkunde horren eta kooperatiben barruan sortutako enpleguen hazkundearen arteko alde handiak, talde kooperatiboaren tamainari begiratzen badiogu. MCCren beste erronka langileen parte-hartzea da, hau da, kooperatibako kide izatea. Gaur egun zenbait koperatibatan parte hartzeko bitarteko enpresa bat baliatzen dute, baina, zailtasunak zailtasun -batzuetan kooperatiba ezarrita dagoen herrialdeari lotutako zailtasunak, Polonian, esate baterako- langile guztiak kide izatea da helburua.
Erronka horiek, bai koopeeratibek berek enpleguak sortzea, bai langile guztien parte hartzea lortzea, onuragarri eta zentzuzkoak dira, areago neoliberalismoaren gogorrenean, lan munduan deslokalizazio eta prekarietatea nagusi diren honetan. Espero izatekoa da asmo eta proiektu onei eginek jarraituko dietela.