GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arau subsidiarioak presaka onartu nahi dituztela salatu du Hernaniko EAE-ANVk

Foru Aldundiak «presaka eta modu ilunean» Hernaniko arau subsidiarioak onartzeko duen asmoaren gaineko informazioa kezkaz jaso dute. Herriaren geroa baldintzatuko duelakoan, beren asmoa baztertzeko eskatu eta Udal ireki eta parte-hartzailearen aldeko apustua egin zuten.

Maider EIZMENDI |

Hernaniko EAE-ANV alderdiak herriko arau subsidiarioen onarpena presaka eta isilean egingo den susmoa du. Horrela azaldu zuten atzo zerrendako kideek euren kezkaren berri emateko egindako prentsaurrekoan. «Ez dugu ez konfirmatzeko eta ez gezurtatzeko modurik, eta horixe bera da lehenik salatu nahi duguna; Foru Aldunditik ez zaigu inolako informaziorik eman, ez eta egin diren ahaleginetan bide eman guk bileraren bat luzatu ahal izateko», azaldu zuen hamazazpi zinegotzietatik zortzi es- kuratu dituen EAE-ANV zerrendako buru den Miriam Beitialarrangoitiak.

Udal ireki eta parte hartzailea

Azken agintaldian ezker abertzaleari bere ordezkaritza ukatu egin zaiola eta Udalean erabaki asko beren bizkar hartu direla gogorarazi zuten, «baina aurrerantzean, Hernanin behintzat, egoera hori aldatzeko modua izango dugu». EAE-ANVren helburua, zentzu horretan, Udal ireki eta parte hartzailea bultzatzea da eta hirigintzari dagokionez, berriz, honako asmoak zehaztu zituzten: «Egin nahi dugun herri ereduaren gaineko eztabaida horrek esango digu zein hirigintza politika egin behar dugun».

Horregatik, onartzear diren arauek herriaren etorkizuna erabat baldintzatuko dutela uste dutelako, Foru Aldundiari «bere jarrera aldatzeko» eskatu zioten.

etorkizuna

Arau subsidiarioek herri gisa Hernaniren geroa baldintzatuko dutela uste dute. Horregatik, alderdiaren ustez, ez da «zilegia» Udal berria osatzeko egun gutxi falta direla arauok onartzea.

EZtabaida

Herritarrei galdetu eta eztabaida zabala egin behar da Hernaniko EAE-ANVren ustez. «Eztabaida horrek esango digu zein hirigintza politika egin behar dugun», zehaztu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo