GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lar gutxi, baina kartzelan

Tira, albiste onik behintzat ekarri digu oraingo asteak. Horra!, azkenean kartzelatuak izan dira munduko zortzi gaizkilerik gaizkileenak, oso egun gutxi batzuetako kartzelaldia izan badute ere. Lar gutxi. Baina eurek ereindakoaren tamainako uzta jaso dute, oso egun gutxitan izan bada ere. Lar gutxi. Total, usteldu arteko zigorra beharko zuten horiek, eta horien moduko beste hainbatek ere, gure inguruan bertan diren batzuek ere, Heiligendammeko kartzelan egun batzuetan izateko zirrara sentitu duten hemengo horiek. Hamaika ikusteko gara gero, Guantanamo sortu zutenek Heiligendammen aurkitu dute euren hezurrentzako egun gutxi batzuetako kaiola. Kontuak atera! Bildu nahi eta hara!, gotorleku bihurtu behar izan duten jauregi batera bildu behar, helikopteroz helduta, kanpoko mundu errealetik kilometrotako hesi metalikoaz isolatuta, lurrez, airez eta itsasoz isolatu ere. Hatsa darien seinale, seguruenik. Atsituak, kirastuak. Berotegi efektuko gasak berak baino askoz ere kaltegarriagoa da horiei darien hatsa, horien hazkundeak gasok sortzen baditu ere. G8: munduko zortzi gansterrik gansterrenak, hemengo ganster batzuen eredu.

Merkatua dute abiapuntu, helbide eta helburu, tarta sortu eta banatzerakoan. Hor, han eta hemen ere, berdin. Kolesterol txarrak bere magalean hartu bitza! Eskerrak badela ganorazko ezkerra, nahiz eta horren izena duen guztiak ez duen horren izana. Merkatuaren aurrean Azoka, horixe apustua. Beste mundua ez da posible, ezin. Posible den bakarra bestelako mundua da; hori bai, bakarra eta beharrezkoa gure sudurzuloak horien hatsarekin usteldu ez daitezen, bestelako mundua baina mundu honetan, beste mundurik ez dagoelako. Lurra bera. Sekula, santa izanda ere, ez dut begi onez ikusi kanpoko unibertso horretara potentzia handiek bideratu dirutza bideratu izana, baina gaur ezin hobeto ikusten dut, imajinatzen hasita bainago mundu honen osasunaren izenean jendarme horiek guztiak, eta enparauak, kanpoko espazio horretara bidali genitzakeela berandutu baino lehen, mundu honetan bestelako bat lortzea posiblea izan dadin. Orbita finko batean bueltaka geratu daitezen, hurrengo Big Bangera arte. Bitartean, Donostiako hotel bateko mahaian mikrofonoak zain daude. Besarkada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo