LE JOURNAL Txomin Peillen 2007/6/7. Euskal Herria.
Xabier Kintanari erantzuna
Xabier adiskidea, zuk esanik badakit idatzi duzula Eusko Alkartasunaren kontra. Noski, E.A. ez da sakratua, baina ez otoi masakra. Nork esan zizun, militantziaren iritziaren aurka bakarrik joan zela E.A ? Bilbon biltzarrean, Euskaldunan bildu ginen eta han % 64 militanteek erabaki zuten EAk ez zuela koaliziorik eginen PNV-ekin. (...)
Iparraldean nahiz hegoaldean errepikatzen digute, PNV-en sartu behar dugula EArekin ideia berdinak dituztelako (?!). Ez nekien PNV sozial demokrata zenik. Orain Iparraldean Ramuntxo Kanblong, anti-euskaldun eta departamentuaren aurka den Lasserren adiskide handi da eta Bayrouzaleen bozkatzera deitzen dituzte besterik gabe PNV-koek, eta jende horiek Euskal Herria Bai batasunetik berehala atera ziren.
Aitortu behar dugu beste abertzale alderditxoak Iparraldean ez garela beti, askeago eta Frantziako alderdi handiei gehiegi lotuak izan garela. Zer ekarri digu Mitteranden alde bozkatzeak? Zer Sarkozyren kontra? Horiek ez dira gure Aliantzak izanen, gutaz irri eginen baizik. Gure oraingo Euskal Herria Bai-eko programa onartzen dituztenekin Berdeekin harremanak izan genitzazke, baita Frantzian zehar dauden Régions et Peuples Solidaires delakoekin, Altsasiar, Bretainiar, Katalandar, Kortsikatar, Okzitaniar, Saboiar jendeekin. Xabier, egia da alderdiek ez dituztela guk nahi duguna egiten baina demokratikoki erabakia errespetatu behar da eta ezak irabazi zuen Bilbon. Begirunea bai, ez baita beti gertatu EA.n: Iparraldekoek, batik bat, gaizki hartu genuen, Biltzar Orokorrean erabakia exekutibak ez baitzuen errespetatu, Ajuriaeneko Mahai alfer huts horretan sartuz. (...)