GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Gorka Zozaia Ikasle Abertzaleak

Eskubideen zozketa Selektibitateko eta Baxoko tonbolan

Ez daitezela kezkatu poltsikoa beteta dutenak, norberak nahi dituen unibertsitate ikasketak egiteko eskubidea ere eros baitaiteke merkatu globalean

Aurtengoan ere milaka euskal ikaslek selektibitatea eta baxoa dituzte aurrez aurre. Azken urteetan ikasitakoa egun gutxitan ebaluatzea helburu duen ariketa zentzugabea egitera behartuko dituzte Unibertsitatean ikasketekin jarraitu nahi duten ikasleak. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Xiberoako ikasleen kasuan gainera, azterketa hori frantsesez egitera behartuko dituzte, hizkuntza eskubideak erabat zapalduta. Egunotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak dira selektibitatea egiten ari direnak. Ia 8.000 ikasle beren etorkizunaren aurrean, beren geroa baldintzatuko duen proba arbitrario baten aurrean.

Azken orduko errepasoetan Espainiko eta Frantziako historiaren pasarteak arrosarioa bezala errezatzeko gai direla konprobatu beharko dute ikasleok. Hala bada, aukera izango dute proba gainditu eta Unibertsitatera joateko. Izan ere, Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemek selektibitatea eta baxoaren bitartez euren curriculumak barneratu ditugula probatu nahi dute. Hala, proba horiek euskal ikasleon desnazionalizatze prozesuan bitarteko eraginkorra dira, espainiar eta frantses txintxo eta leialak eratzeko tresna.

Espainiako eta Frantziako Hizkuntza eta Literatura, Espainiako Historia, Frantziako Geografia... ongi ikasi ditugula frogatzen dute estatuetako agintariek, eta agintari autonomikoek ere dinamika honetan protestatu gabe hartzen dute parte. Alde horretatik, aipagarriak dira Luis Campoy eta Tontxu Camposek aurkezten dizkiguten curriculum proposamenak. Lehenengoaren kasuan Euskal Herriari eta euskarari biz- karra eman eta UPNren nabarrismo espainolarekin koherentzia mantentzen da, baina bigarrenak maiatzaren 9an aurkeztutako proposamenarekin ziria sartu nahi digu, antza. Euskal Herria Espainiako Estatuan kokatzen duen curriculumari Euskal Curriculuma deitu diote eta ikasleek Espainiako Konstituziotik eta Autonomia Estatututik eratorritako eskubide eta betebeharrak ezagutu, onartu eta baloratzea bilatzen du.

Etxeko omen diren agintarien curriculum arrotzak utzi eta selektibitate eta baxora bueltatuta, arlo pedagogikoari ere erreparatu behar diogu. Izan ere, bi proba horiek azterketa sistema basatiaren adibide gorena direla salatu behar dugu. Antza, metodo horrek ikasleak urteetan ikasitakoa frogatu nahi du. Baina hori baino gehiago, azken egunetan memorizatu eta azterketak egiteko gaitasuna da frogatzen duena. Parte-hartzea, kritikotasuna, sorme- na eta bestelako gaitasunak, aldiz, erabat alboratzen dira.

Azterketa horrek, gainera, traba selektibo bat dakar berekin, unibertsitateko ikasketak burutzeko ikasleen sailkapena egiten baitu, ikasle andana goi mailako hezkuntzatik at utzita. Izan ere, ateratako notaren araberakoa izango da ikasleak unibertsitate ikasketak burutzeko eskubidea. Selektibitatearen kasuan, Batxilergoan lortutako notarekin eta selektibitatean lortutakoarekin kalkulatzen da unibertsitate ikasketak egiteko batez besteko eskubidea. Hala, ikasleak 6,5eko eskubidea izan dezake, eta orduan ezingo ditu ikasi medikuntza, ikus-entzunezko komunikazioa edo herri lanen ingeniaritza teknikoa, adibidez. Azken karrerarako, esaterako, bere eskubidea 0,4 altuagoa izan beharko litzateke.

Alabaina, ez daitezela kezkatu poltsikoa beteta dutenak, norberak nahi dituen unibertsitate ikasketak egiteko eskubidea ere eros baitaiteke merkatu globalean. 0,4ko eskubidea falta zuenak unibertsitate pribatu batean egin ahalko ditu bere gustuko ikasketak ordaintzeko dirurik badu.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi bi proba horietan euskarak duen leku penagarria. Selektibitatearen kasuan, eskatzen duten euskara maila negargarria da. Baxoaren kasuan, berriz, ikasle guztiek frantsesez pasatu behar dute proba.

Bi proba bidegabe horien aurka borrokatzeko arrazoiak sobera ditugu, beraz. Zenbat eskubide urraketa, hainbat arrazoi borrokarako. Euskal ikasleria euskal curriculum baten alde, traba selektiborik gabeko hezkuntza baten alde, balore aurrerakoietan eta ikasleen parte-hartzean oinarritutako hezkuntza baten alde atera behar da kalera. Finean gureak diren, eta salgai ez dauden eskubideen alde!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo