GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzalea subjektu feminista izateko urratsak zehaztu dituzte Altsasun

Azken urteetan egindako lana «mardula» izan da. Ezker Abertzaleko emakumeen III. Nazio Batzarrean, ordea, aurrera begirako urratsak ugari direla zehaztu dute eta borrokan emakumeak aktibo izatea ezinbesteko jo.

GARA |

Ezker Abertzaleko Emakumeen III. Nazio Batzarrean azken lau urteetan egindako lana jarraitzeko asmo sendoa erakutsi zuten. Batasuneko Politika Feministarako arduradun Joana Regeirok azken mintzaldian nabarmendu zuenez, aipatu epean «jauzi handia» izan da.

Hala eta guztiz ere, egungo egoeraren garrantziari heldu zion eta «nazio erakuntzaren zutabe estregikoetan egiten ari diren urratsekin batera, sexuen arteko beste harreman batzuk eraikitzeko bidea» egin behar dela esan zuen. Aurrera begirako erronkei dagokienez, ezker abertzalea subjektu feminista bihurtzen ari dela adierazi eta aro politiko horretan, emakumeen eskubideen aldeko borroka, herri eskubideen aldeko borrokari atxiki behar zaio, Regeiroren iritziz.

Horiek hala, mugimendu feministak egingo dituen ekimenetan parte hartu eta euren lan ildoan barneratzeko orduan, Eskubideen Karta borrokarako tresna bilakatzearen premiaz mintzatu zen. Horretarako, emakume bakoitzak bere eremuan aktibo bilakatu behar duela aldarrikatu zuen, «gaiari garrantzi politikoa ematen, eztabaidak eragiten, erantzunak artikulatzen...». Hala, emakumea aitzindari bilakatuko da. Era berean, ezinbestekoa da Batasuneko ordezkariaren iritziz, sareak bultzatzea, ezker abertzaleko emakumeen bateratasuna bultzatu eta kanpora begira, berriz, mugimendu feministarekin batera aritutzea.

Arantza Santestebanek, Batasuneko kideak, bestalde, egungo egoera politikoari heldu eta ezker abertzaleko emakumeen izenean adierazpen bat helarazi zuen. Horretan prozesu demokratikoa guztiz beharrezkoa dela nabarmendu eta emakumeak horren aldeko aktibo izango direla berretsi zuen.

Datozen lau urteetan Zubietako Herri Batzarraren buru izango diren bi pertsonak izendatu zituzten atzo. Usurbili dagokionez, Eñaut Zuriarrainek eskuratu zituen boz gehien eta bera izango da karguan lehen bi urteetan; Donostiari dagokionez, berriz, Imanol Azpirozek. Honek izango du kargua ondorengo bi urteetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo