Ingurumen Behatokiaren oinarrietan pausoak eman dituzte NEG jardunaldietan
M.E. |
Ingurumen alorrean azken urteetan sortutako kezkaz eta maiz azaleratu diren liskarrez ohartuta, Nazio Eztabaida Guneak Nazio Planean ingurumenaren inguruan bi egitasmo sartzea erabaki zuen: lurraren eztabaida bultzatzea batetik, eta Ingurumen Gatazken Konponbiderako Behatokiaren sorrera, bestetik.
Azken honetan urrats garrantzitsua egin zuten atzo, aipatu Behatokiak izan behar dituen oinarriak zehaztu baitzituzten Donostian egin zituzten Ingurumen gatazka konponbiderako behatoki baterantz Nazio Jardunaldietan.
Horiek zehazte aldera, jardunaldien lehen atalean hainbat ingurumen gatazken analisiak egin zituzten. Aipagai izan ziren Bastidako golf zelaiaren, 2x2 proiektuaren eta Altsasuko poligonoaren inguran sortutako liskarrak, modu honetan batean eta bestean puntu komunak identifikatze aldera.
Beste alde batetik, konponbiderako bideak izan zituzten aipagai, tartean, herri kontsultak eta bide judizialak. Ahotan izan zuten ere herritarren parte-hartzea.
Lur erabilpen demokratikoa
Azken atalean Behatokiaren oinarri izango direnak zehazten saiatu ziren. Alde horretatik, lurraren eztabaidan abiapuntu gisa zehaztu zuten kudeaketa demokratiko baten aldeko jarrera oinarrizko jo zuten. Hau da, informazio objetiboa jasotzeko eskubidea, iritzia emateko eskubidea eta erabakia hartzeko eskubidea ezinbesteko jo zituzten. Beraz, behatoki horrek ere oinarri berak izan behar dituela ondorioztatu zuten atzo. Horiek gauzatzeko modua eta Behatokiak izan behar duen funtzioa gatazkako bi aldeek adostu beharrekoa dela nabarmendu zuten, ordea.