Gerra guztietan armagintza ateratzen da garaile
Armagintzak ez du krisialdirik ezagutzen, eta askoz gutxiago ezagutuko ditu etorkizunean, arma-industria gehienak biltzen dituen Estatuko buruak, hots, Amerikako Estatu Batuetako presidenteak marraztutako nazioarteko politikagintzak indarrean jarraitzen duen bitartean. Are gehiago, datuei begiratuta, armagintza hazkunde prozesuan dagoela esan daiteke: 2005eko armen salmentak %3n gainditu zituen iaz mundu osoko arma-industriak.
Estatubatuarrak agertzen dira arma gehien saltzen dituztenen zerrendaren lehen postuan, bai eta gastu militar handienak dituztenen zerrendan ere. Bi bilioi luze gastatu zituzten munduko gobernuek armaden mantenuan, armak ekoizten eta erosten, gerrak ordaintzen... Egoera hori ikusita, ez da harritzekoa armen erabilpenean joera ezin alda daitekeela pentsatzea: «Ezer gutxi egin daiteke, arlo militarrean gehien gastatzen duen Estatuak gerran jarraitzen duen bitartean», azaldu du Stockholmeko Bakerako Ikerketarako Institutuak argitaratu berri duen urteko txostenak.
Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako administrazioa hain lotuta agertzen denez munduan diren gerra gehienekin, zaila egiten da jakitea armagintza boteretsua izatea gerrak existitzearen ondorioa den edo gerrak arma-industriaren probetxurako propio sortzen diren.