Sistiagak margotu zuen film luzeari omen egingo dio Tabakalerak
Jose Antonio Sistiagaren «... ere erera belibu izik subua aruaren...» film abangoardistari erakusketa berezia eskainiko dio Tabakalerak ostiraletik aurrera. 1968. eta 1970. urte bitartean 2,5 kilometroko filma eskuz margotu zuen artista donostiarrak, fotogramaz fotograma.
GARA | DONOSTIA
«Ikus-entzuleen zentzumenak, jakin-mina eta emozioak kitzikatu nahi ditut, ezkutu-ezkutuan duten hura; ikus-entzuleak eurak kitzikatu nahi ditut. Ken itzazue benda arrazionalistak, eta goza ezazue, lasai-lasai, ezezaguna zaizuen hartaz, merezi du-eta. Ez izan beldurrik, eta ez ezazue bilatu artean dagoeneko ezagutzen duzuena, hautemateko ate berriak zabalduko dizkizuena baizik».
Honela mintzo zen 1990an Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932), eta une horretan oso gogoan zuen seguru asko bere lanik garrantzitsuenetako bat, «... ere erera baleibu izik subua aruaren...» filma, alegia.
Duen izenburu xelebrea bezain ezohikoa da Sistiagak 1968. eta 1970. urte bitartean burutu zuen abangoardiako film esperimental eta abstraktua, artistak zuzen-zuzenean zeluloidearen gainean fotogramaz fotograma margotu zuena.
Ia berrogei urte geroago, Tabakalerak, film hura eta bere egilea omendu nahian, Alvaro Matxinbarrenak komisariatutako erakusketa antolatu du. Erakusketaren ardatza artistak berak iradoki du eta Tabakaleran bertan ostiraletik aurrera ikusi ahal izango den filmaren proiekzio librea da. Proiekzio horrek, patio bateko horma, sabai eta zoru gainean egingo denak, filma ikuspuntu berri batetik ikusteko aukera emango du, erritmo arruntean egindako proiekzioan irudi izoztuak tartekatuko baitira, eta hala filmaren izaera piktorikoa nabarmenduko da.
Erakusketaren osagarri gisa, Sistiagak margotutako fotogramen erreprodukzioak erakutsiko dituzte, baita artistari eta bere sorkuntza prozesuari buruzko bi dokumental ere.
Erakusketarekin batera, Tabakalerak filmari buruzko lehen katalogoa ekoitzi du. Bertan, filmaren ibilbide luzean argitaratu diren testuak eta katalogo honetarako propio idatzitakoak bildu dituzte. Jean Michel Bouhours, Jose J. Baquedano, Begoña Vicario edota Clara Janes dira filmari buruz idatzi dutenetako batzuk.
108.000 fotograma
Arestian esan bezala, «... ere erera baleibu izik subua aruaren...» film esperimental eta abstraktua da. Sistiagak, kamara erabili beharrean, zuzen-zuzenean zeluloide gainean margotu zituen 108.000 fotograma, gutxi gorabehera, 2,5 kilometro luzeko filma. Honela, behin betiko berritu zuen zeluloide gaineko pinturaren tradizioa.
1958an Normal McLarenen film bat ikusi ostean sortu zitzaion ideiatik abiatuta, eta Juan Huarte mezenasaren laguntzari esker, Sistiagak hamazazpi hilabetez bere fillmean lan egiteko aukera izan zuen. Denbora horretan, egunean hamabi ordutik gora eman zituen makurturik zeluloidea margotzen.
Zati batzuetan Sistiagak filma zintaren luzera jarraituta margotu zuen. Beste kasu batzuetan, aldiz, fotograma bakoitzaren eremua errespetatu zuen. Gainera bere action painting horretan, ohiko tinta eta koloreez gain, hainbat elementu naturalen eragina ere baliagarri izan zitzaion: hala nola, zeluloidea lehortu zuen eguzkia, hezetasuna, zeluloidean arrastoak egiteko erabilitako harea eta abar. Betiere, senari jarraituz eta zoriak bere lana egin zezan utzi zuen.
Filma 1970ean ikusleei aurkeztu zitzaienean, zalaparta handia izan zen eta ez zuen inor axolagabe utzi. Azken berrogei urteotan, munduko zinema ziklo eta jaialdi garrantzitsuenetan ikusteko aukera izan da.
Abangoardiekin lehen kontaktua Parisen izan zuen Sistiagak, 50eko hamarkadan. Bertan, informalismoaren eragin handia jaso zuen. 1965ean, berriz, Gaur taldearen bultzatzaileetako bat izan zen, Oteiza, Chillida, Zumeta, Basterretxea, Arias, Mendiburu eta Balerdirekin batean, Euskal Eskola helburu.
Bere ibilbide artistikoan pintura eta zinema tartekatu eta uztartu ere egin ditu Sistiagak. «... ere erera baleibu izik subua aruaren...» da egin duen filmik luzeena, baina ez bakarra, hainbat film labur esperimental ere egin dituelako.
Ekainaren 21ean, iluntzeko zortzietan, filma 35 milimetrotan eta oso-osorik ikusi ahal izango da, artista donostiarrak sortu zuenean imajinatu zuen bezala, Victoria Eugenia antzokian.
Filmeko protagonista bakarra margoa da. Horregatik egileak ez zion izenbururik jarri nahi, baina zentsurak horretara behartu zuenez, Sistiagaren lagun batek, Rafa Ruiz Balerdik, izenburua asmatu zuen. Ez du esanahirik, euskararen antza duten hotsak baino ez dira.
Izenburua: «... ere erera baleibu izik subua aruaren...».
Egilea: Jose Antonio Sistiaga.
Lekua: Tabakalera.
Bisitak: Ekainaren 15etik uztailaren 15era; asteazkenetik igandera, 11etatik 13etara eta 17etatik 21etara.