GARA > Idatzia > Errugbia

Emakumezkoak

Merezi ez zuten kolpea jaso dute ASB taldeko neskek

Orain dela bi aste lortu zuten Eliterako igoera ustez, baina azken orduko erabakiek ezer gabe utzi dute

HERMS 17

ASB 10

Jon LEUNDA | BAIONA

Kolpe latza jaso dute ASB taldeko neskek, azkenean ez baitute Elite Ligara igotzerik lortu. Erarik mingarrienean geratu dira, gainera, dauden lekuan. Hasiera batean lau taldek lortu zuten mailaz igotzeko txartela, eta euskaldunek hori orain dela bi aste eskuratu zuten; ospatu ere ederki ospatu zuten. Pasatu den astean, ordea, federazioak atzera egin zuen, eta bi bakarrik igoko zirela baieztatu zuen, eta lau taldeek beste kanporaketa bat jokatu behar izan dute zein igo erabakitzeko.

Bestela ere, partida hori jokatu egin behar zen, Ligako finalerdia erabakitzen baitzen, baina bi taldeentzat bestelako gauza zen, igoera lortuta baitzuten. Federazioko azken orduko aldaketa horrek, ordea, dena nahastu du, eta bi taldeak presio izugarriarekin zelairatu ziren.

Hala ere, euskaldunak aitzineratu ziren Rodriguezek lortutako entsegu bati esker. Transformazioarekin, ordea, ez zuten asmatu, eta 5-0koarekin konformatu behar izan zuten. Bazirudien emaitza horrekin joango zirela atsedenera, baina lehen zatiko azkeneko jokaldian, Herms taldeak transformatutako entsegu bat egin zuen markagailuan aitzineratzeko.

Bigarren zatian euskaldunak erasora atera ziren, eta Pujolek egin zuen bigarren entsegua, baina berriro ere huts egin zuten transfomazioarekin, eta 10-7 jarri ziren aurretik. Landestarrak ordea, zigor batez baliatu ziren partida berdintzeko, eta neurketaren amaiera oso gertu zenean, transformatutako beste entsegu bat egin zuten, eta garaipena eta igoera lortu zuten.

ASB taldeko neskak lur jota amaitu zuten: «Kolpe handia izan da, amaieran denak geratu ginen lur jota. Orain dela bi aste igota geunden, ospatu ere egin genuen, eta partida hau askoz ere lasaiago hartu behar genuen. Gero, pasatu den astean igoera hark ez zuela balio jakin genuen, eta berriro hasi behar genuen, eta hori bera gogorra izan zen. Gero, igotzea ez dugu lortu, eta horrek pena ematen du. Ustez lortuta genuen, baina azkenean ezer gabe geratu gara», esan zuen Amets Kastrejana jokalariak.

Hori bai, lapurtarrek garbi daukate burua altxatu eta aurrera egin behar dutela: «Aurten jaso dugun zaplaztekoa handia izan da, baina aurrera egin behar dugu. Aurtengo taldeari eutsi, eta heldu den urtean ahalegindu beharko dugu», esan zuen Kastrejanak.

«Kolpe handia»

«Kolpe handia izan da. Orain dela bi aste igota geunden ospatu ere egin genuen, eta partida hau askoz ere lasaiago hartu behar genuen. Zaplaztekoa handia izan da, baina aurrera egin behar dugu», adierazi zuen Amets Kastrejana jokalariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo