GARA > Idatzia > Kultura

Naturak sorrarazten dizkien emozioez mintzo dira zortzi idazle «Lua» liburuan

Andoni Egañak, Toti Martinez de Lezeak, Patxiku Perurenak, Edorta Jimenezek, Miren Agur Meabek, Unai Elorriagak, Itxaro Bordak eta Arantxa Urretabizkaiak lurra, ura eta airea naturaren elementuei buruz idatzitako pasarteak dira «Lua, herriaren arnasa» liburuaren bizkarrezurra. Horien ondoan, Joseba del Villaren argazki ikusgarriak daude. Lakuako Ingurumen Sailak kaleratu du ingurumena zaintzeko beharraz kontzientzia sortzeko.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Euskal Herriko zortzi idazlek naturari buruz idatzitako pasarteek eta Joseba del Villarren argazkiek osatzen dute «Lua, herriaren arnasa» liburua. Lakuako Ingurumen Sailak argitaratu du, «ingurumena zaintzeak duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin», Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak atzo azaldu zuenez.

Sona handiko idazleek parte hartu dute ekimenean. Andoni Egaña bertsolariak hitzaurrea egin du eta, zelan ez, airea, lurra eta ura (LUA) plaza batean bertsotan ipini ditu egoeraren larritasuna azaldu eta gizarteari arduraz joka dezan eskatzeko.

Patxiku Perurenak eta Toti Martinez de Lezeak lurrak sorrarazi dizkien emozioez idatzi dute. «Beti esan dut lurrarekin lotuta bizi diren maisu-maistra zaharrak nire lehenengo eta azkenengo irakasleak direla», adierazi zuen Perurenak. Horien omenez honako olerkia: «Bai, umildadea bera ere/ lurreko humusetik datorkigu/ Horregatik jende umila/ lurra beste arimarik gabea/ Eta zenbait sentitu duen!/ lurrezko jende umilak/ Eta zenbait ikasi, isilez isil!.../ lurrezko liburu bakarretik...».

Martinez de Lezeak, berriz, prosa erabili du Ama Lurraz hitz egiteko. «Euskaldunek izan zuten lehenengo sinesmena izan zen Ama Lurra. Dibinitate gisa ikusten zuten, gauzen jaiotza eta heriotza gisa», esan zuen. Azken ehun urteotan, baina, ikuspegia aldatu da eta, gehiegizko ustiapenaren ondorioz, arriskuan dagoela gogorarazi zuen Martinez de Lezeak. Horregatik, eta hondamendi osoa izan aurretik, jarrera aldatzeko deia egin zuen.

Miren Agur Meabe eta Edorta Jimenez, biak kostaldekoak, uraz mintzatu dira. Meaberen olerki batek ura menderaezina dela adierazten du -eskasia dela edo uholdeak direla-. «Emakume bat ortozik arrakala artean/ semea lotan bizkarrean/ Euliak begietan/Emakumea berbetan ezagutzen ez duen jainko batekin/ Jainkoak diotso txit maite duela/ Teilatuak eta helikopteroak/ Jitoa/ Hogeita hamazortzi gradu/ Zaborra/ Hogeita bost mila zorro opaku gorpuak gordetzeko».

Bestetik, Jimenezek ezin du ulertu zergatik gizakiek gorrotoa dioten urari. «Zeren eta bideetako iturriak desagerraraztea, ibaiak euron azalak berun koloreraino satsaz zikintzea eta ubidea porlanez janztea ura gogorrotatzea ez bada, zer da?».

Unai Elorriagak aireaz hausnartu du eta elementu ezezaguna dela ondorioztatu. «Maletak ixten ditugunean, beti geratzen da aire apur bat barruan, gure etxeko airea. New Yorken askatzen al da aire hori?», hausnartu du.

Itxaro Bordak aire purua eta zoriontasuna lotzen ditu. «Urratsean mendi gainetako buhako zorrotza bilatzen dugu eta argi zirrintan hiri mugetako aire meheak dakarren itsas usainak kutsadura mehatxuak urruntzen dizkigu».

Azkenik, Arantxa Urretabizkaiak ekologistei eskerrak eman eta barkamena eskatzeko baliatu du liburuaren gibel solasa. Barkamena, haiek hamarkadatan ohartarazi izan dutena «zorokeriatzat» hartu izan delako. Eta eskerrak, «gizartearen ordez tira egin dutelako».

Lau hizkuntzatan

«Lua, herriaren arnasa» osatu duten idatziak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakur daitezke. Irudiei dagokienez, Del Villarrek urte askotan Euskal Herri osoan eginiko argazkiak dira.

Liburua Euskal Herri osoko liburutegietan eta eskoletan banatuko da, baina ez da, ostera, dendatan salduko.

EGAÑA BERTSOTAN

«Badakizue ni nauzuela/ duzuen altzo maitea/ oso edertzat hartzen duzue/ niri «ama» esatea/ baina zein erraz lortzen duzuen/ amari min ematea!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo