Bikote ohia eraso eta umearekin alde egin zuena atxilotu dute Beasainen
Bikote ohia erasotu ondotik bost hilabeteko umearekin alde egin zuen gizona atxilotu zuten atzo Beasainen. Horrez gainera, bertze hiru gizonezko atxilotu zituzten bikotekideak erasotzeagatik Getxon, Bilbon eta Erandion. Emakumearen kontrako indarkeria leporatzen zaie. Erasotutako emakumeek zauriak zituzten eta guztiek medikuarengana jo behar izan zuten.
GARA |
Igande goizaldean gizonezko bat atxilotu zuten Beasainen ustez bikote ohia erasotzeagatik. Ertzaintzak dei bat jaso zuen emakume bat erasotua izaten ari zela salatzeko. Bilaketari ekin zitzaion, gizonezkoa ez baitzuten bere etxean aurkitu. Azkenean tren geltoki ondoan aparkatuta zegoen auto batean atzeman zuten, eta bost hilabeteko umea zuen berekin. Gizonezkoa bikotekidearen etxera deitzen saiatzen ari zen, eta haren bidez, Ertzaintzak emakumearengana jo zuen handik hurbil zegoen pisu batetara. Emakumeak kolpe eta ebakiak omen zituen lepoan, ezpainetan eta hankan, eta bikote ohiak egin zizkiola azaldu zien poliziakideei. Emakumea osasun etxera eraman behar izan zuten eta 30 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten. Atzo pasatzekoa zen epailearen aurretik.
Ordu batzuk lehenago bertze gizon bat atxilotu zuten Getxon. Igande gaueko 22.15ean 35 urteko gizonezkoa atxilo eraman zuen Ertzaintzak bikotekidea erasotzeagatik, Erromo auzoan dagoen Gobelaurre kaleko etxebizitza batean. Bikotea 29 urteko emakumezkoa da, eta anbulantzian eraman zuten Gurutzetako ospitalera agerian zituen zauriak zirela- eta.
Ordu laurden bat geroago larrialdi zerbitzuek bertze dei bat jaso zuten, Erandion ematen ari zen istilu baten berri emateko. Josu Murueta kaleko taberna batetik deitu omen zuten bertan zegoen bikote baten artean ematen ari zen erasoa salatzeko. Patruila bat bertaratzerako bikoteak alde egin omen zuen, baina handik ez oso urrun, Karl Marx kalean aurkitu omen zituzten. Emakumeak hematomak zituen aurpegian, eta belarri bat urratuta zuela atzematen omen zitzaion. Hori dela eta, poliziakideek 40 urteko gizonezkoa atxilotuta eta emakumezkoa anbulategira eraman zuten.
Erasotzaileak bikotekideak
Laugarren erasoa goizaldean eman zen, 1.00ak aldera, Bilbon. Francesc Maciá kalean patruilatzen ari ziren ertzainek gizon batek emakume bati lepotik heltzen ziola ikusi eta hara azaldu omen ziren. Erasotzaileari gelditzeko agindua eman eta emakumeak lepoan markak zituela ikusi zuten. Anbulantzia deitu eta osasun zentrora bidali zuten. Erasotzailea, 32 urteko gizonezkoa, atxilotuta eraman zuten. Erasotutakoen bikotekideak izateagatik, emakumeen kontrako indarkeria leporatzen zaie atxilotutako lau gizonezkoei.
Beasaingoaz gain, Bizkaian bertze hiru gizon atxilotu zituzten emakumeen kontrako indarkeria leporatuta, igandetik astelehenera bitarteko gauean. Guztietan emakumeak mediku arreta behar izan zuten.