GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Azken entrenamendu serioak finalaren asteari ekiteko

Aimar Olaizola atzo izan zen Donostian Asier anaiarekin eta Salva Bergararen begiradapean. Abel Barriolak gaur eguerdian egingo du bere azken saioa

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Finaleko astean sartzearekin batera, Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak azken entrenamendu saio gogorrak egiteko baliatu dituzte astelehena eta asteartea. Goizuetako aurrelaria atzo izan zen Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta Leitzako atzelaria gaur goizean arituko da.

Aimarrek, aurreko ostegunean bezalaxe, Asier bere anaiaren laguntza izan zuen entrenamendua aurrera eramateko eta Salva Bergara zuzendari teknikoak ere bertatik bertara jarraitu zuen saioa. Sakea, errestoa eta errematea lantzeaz gain, Asegarcekoek osteguneko pilota aukeraketan aurkeztuko duten material-sorta ere erabaki zuten atzo goizean.

«Buruz buru jokatzean asko zigortzen dira eskuak eta fisikoki ere normalean baino gehiago nekatzen da gorputza. Horregatik eskatu genuen atzerapena eta, egia esan, ongi errekuperatu naiz. Aurreko ostegunean egin nuen aurreneko entrenamendua eta gaurkoa bigarrena izan da. Finalera ongi iritsiko naizela uste dut», aitortzen zuen Aimar Olaizolak entrenamendua bukatu bezain laster.

Gaur, berriz, Abel Barriolaren txanda izango da. Leitzakoak hirugarren saioa izango du gaurkoa azken zazpi egunetan. Izan ere, aurreko asteazkenean Zubietarekin jardun zuen lanean eta larunbatean Aritz Laskurain izan zuen entrenamendu kide.

Material aukeraketa, etzi

Ohikoa den moduan, finalerako material aukeraketa ostegunean egingo dute Barriolak eta Olaizola II.ak 12.00etan Atano pilotalekuan. Txarteldegia ere 12.00etatik 14.00etara irekita egongo da sarrerak aurrez eskatuta dituztenek jaso ditzaten, saltzeko bakar bat bera ere ez baita gelditzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo