GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Desafioa

Txapartegi eta Lasa prest daude

Aizarnakoa eta Legorretakoa datorren igande eguerdian neurtuko dira Oiartzunen, Pikoketako belardi ospetsuan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Dena prest dago datorren igandean Oiartzuneko Pikoketan jokatuko den apustu handirako. Bertan, Luix Txapartegi eta Jexuxmari Lasa neurtuko dira, hain zuzen. Lan handia egin beharko dute. Hasteko sei kana-erdiko eta lau oinbiko moztu beharko dituzte aizkoran, eta ondoren ordu eta erdi bete bitarte segan aritu beharko dute. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Jexuxmari Lasa da apustuetan eskarmentua duen bakarra, iaz Olasagastiren aurka neurtu baitzen aizkoran Otaño lagun zuela, baina hau erabat ezberdina dela esan zuen: «Hura bi baten aurka zen, eta aizkoran bakarrik. Hemen ni izango naiz beste baten aurka, eta lana askoz ere handiagoa da», esan zuen Legorretakoak.

Apusturako ongi prestatu dela ere onartu zuen, eta jokatzeko garaia heltzeko gogoa ere eginda dagoela baieztatu zuen Lasak: «Apustua urtearen hasieran egin genuen, eta hilabete asko pasatu dira. Jadanik jokatzeko gogoa eginda nago», aitortu zuen.

Lasa aizkolaria da, eta lehen aldiz ikusiko da plazan segan. Kirol honetara ongi moldatu dela esan zuen: «Hasieran apur bat kosta zitzaidan, baina orain nahiko ongi jarri naiz». Bere kezka, aizkoran ahalik eta denbora gutxien galtzea izango da. Bera hirugarren mailan dago, eta Txapartegi, aldiz, lehen mailan dago, eta azken urte hauetan finaletan sartzen ari da: «Bi edo hiru minutu bakarrik galduta konformatuko nintzateke. Lantegi horretan ahalik eta gehien eusten saiatuko naiz. Aizkorako lan luze hauetara ni ez nago ohituta, eta bera berriz bai. Hala ere, ez dago dena ematerik, gero beste lantegi oso ezberdina egingo baitugu, eta indarrak neurtzen jakitea ere garrantzitsua izango da», deritzo Legorretakoak.

Eskarmentu gehiago

Luixmari Txapartegirentzat lehen apustua izango da, eta honelako zerbait egiteko gogoa bazuela esan zuen: «Urte asko daramatzat aizkoran, eta beti izan dut apustu bat jokatzeko gogoa. Honi heltzeko aukera bazegoen, eta aurrera egin nuen», esan zuen Aizarnakoak.

Bera ere aizkolaria da, eta igandean arituko da lehen aldiz segan jendearen aurrean: «Hasieran dezente kosta zait moldatzea, baina une honetan segan ongi egiten dudala uste dut eta oso gustura nago», esan zuen Luixek.

Aizarnakoa lehen mailako aizkolaria da, eta finaletan dabil azkeneko urte hauetan. Aizkorako lanean gainera, oinbikoak, bere gustuko enborrak, sartu dituzte, eta horrek abantaila eman liezaioke: «Nik barruko lanak ongi egiten ditut, eta enbor handiak gustuko ditut. Ni hasieratik ahalik eta tarterik gehien ateratzen saiatuko naiz, baina lortzen ez badut ere segan ongi nabilela uste dut, eta badut konfiantza», aitortu zuen.

Hori bai, lehen lanean indar guztiak ezin direla gastatu esan zuen: «Hor lan handia dago, eta elkarrekin zer ikusirik ez duten bi kirol egin behar ditugu, eta ezin da lehen saioan indar guztia bertan utzi, bestela segako saioa oso luzea izan daiteke. Gero ikusi beharko da eguraldia, horrek ere baldintzatuko baitu», esan zuen.

Bi kirolariak lasai agertu dira iganderako, baina biak onartu dute, apustuek badutela txapelketek ez duten beste zerbait: «Presioa, tentsioa, askoz ere handiagoa izaten da. Txapelketetan zu bakarrik zoaz, ahalik eta lanik onena egin nahi duzu, baina hori da. Apustuan askoz ere jende gehiago mugitzen da alboan, eta jendeak ere askoz diru gehiago jokatzen du», esan zuen Txapartegik.

Aizkora

Lau oinbiko eta sei kana-erdiko moztu beharko dituzte segan hasi aurretik, eta hor Txapartegi ahalik eta alderik gehien ateratzen saiatuko da, eta Lasa, berriz eusten, baina beti ere indarrak ongi neurtuta.

sega

Lantegi honetan biak dira berriak, baina biak asko aurreratu omen dute eta bi kirolariak gustura daude. Aizkora lanak amaitu ostean, ordu eta erdi bete bitarte aritu beharko dute jo eta su belarra mozten.

Igandean jokatuko den desafioan ez da epaile ofizialik izango

Datorren igandeko apustu honetan, ez da epaile ofizialik izango. Epaileen eta kirolarien artean ez da adostasunik izan, eta azkenean bi kirol hauetan adituak diren pertsonak egingo dute epaile lana.

«Gu ez geunden ados haiek eskatzen zutenarekin, eta haiek ere ez guk eskatzen genuenarekin. Arazoa txukuntasunarena izan da. Txapelketetarako arautegia bete nahi zuten, eta apusturako arriskutsu samarra ikusten genuen. Azkenean beste batzuk izango dira epaile lana egiten, eta ez dut uste arazo handirik izango denik», esan zuen Jexuxmari Lasak. Ea bada, dena joan behar duen bidetik joaten den.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo