«American idiot» eta Euskal Herriko ergela
Argi dago, rocka eta matxinada aspaldian dibortziatu ziren. Hitz inkonformistak lau haizetara abestuko dituzten taldeak aditzeko banketxeko bulegoetatik pasa beharko dugu, nahitaez. Musikazaleok konturatu gabe, musikaren munduan sartu dituzte haien atzaparrak, orain gutxi arte kontrakultura zena, pentsaera zuzenaren kontrakoa zena bere eginez
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea
Gure bizitzaren errutinetarako beharrezkoak diren arerioek, gu denon egunerokotasuneko diktadoreek, orain gure bidaide bilakatu nahi dute, izorra hadi. Banketxeez, telefono konpainiez eta abar ari naiz. Udako jaialdi handi anitz iragarri dira jada, eta gero eta ohikoagoa da antolatzaileek laguntzaile handien babesa eskatzea. Garagardo marka ezberdinetako ikurrak kontzertu horietan ikustera eginda geunden, edari hori, tira, gure gustu eta bizimoduan barneratuta dugulako. Ulergarria da, bai, kontzertu erraldoi horiek antolatzen dituzten enpresek babes ekonomikoa bilatzea ikusleen apetak horrela agintzen duelako, mundu mailan arrakastatsuak diren taldeak ekarri behar direlako nahitaez, halako talde handiak ikusi nahi ditugulako, gure euskal harrobi musikala negurako zokoratuz edo. Bilbon gaur egun antolatzen den musika jaialdirik garrantzitsuenari BBK abizen nazkantea jartzera behartuta egon dira antolatzaileak, banketxearen laguntza ekonomikoa ezinbestekoa baitute gero eta mardulagoa den egitaraua aurrera atera nahi badute behintzat. Eta gure banketxe jator horri esker Metallica, Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers... rock izarrak entzun ahal izango ditugu. Madrilen ere Metrorock izeneko kontzertua antolatuko da aurki, ekainaren 23an. Urtez urte gero eta handiagoa den egun beteko ikuskizun honek aurten Bad Religion, My Chemical Romance (hauek ere Bilbon ariko dira), edota Los Delinquentes bezalako taldeak dituzte kartelburu. Honetan, antolatzaileak komunitate eta hiri horretako erakunde publikoak izanen dira; laguntzaile, berriz ere, hango banketxe handi bat, eta estamentu gutxi balira, Movistarrek kontzertua norberaren telefonoan deskargatzeko aukera emanen du. Argi dago, rocka eta matxinada aspaldian dibortziatu ziren. Hitz inkonformistak lau haizetara abestuko dituzten taldeak aditzeko banketxeko bulegoetatik pasa beharko dugu, nahitaez. Musikazaleok konturatu gabe, musikaren munduan sartu dituzte haien atzaparrak, orain gutxi arte kontrakultura zena, pentsaera zuzenaren kontrakoa zena, bere eginez. Gure nagusi ekonomiko eta instituzionalek, eta globalizazio kulturala garatu duten marrazoek orain gure lagunik onenak bailira agertzen zaizkigu. Filosofia ezkertiar eta progresista duen Bad Religion taldeak American idiot-i abestu zion bere kantu batean. Ez al gara gu ere dezente ergeldu?