Amalloko zelaietan rocka loratuko da beste behin Atom Rhumbarekin
A. B. | BILBO
Nekez irudika daiteke Amalloko zelaietan asteburu honetan aurkituko den festa giroa eta anabasa. Markinatik Ondarroako bidean, aldapa latza igo eta milaka gazte elkartuko dira bihar gauean -22.00etan, doan- gainontzean baketsu eta isil mantentzen den mendixkan, hogei urte beteko dituen rock jaialdiaz gozatzeko asmoz.
Azken hamarkadetan gure herrian sortutako talde interesgarrienetakoak izan ditugu bertan, eta behin baino gehiagotan errepikatu duenik ere bada. E.H. Sukarra, esaterako, lautan izan dugu bertan. Delirium Tremens motrikuarrak estrenatu zuen Amalloko zelaia Tu-K taldearen laguntzaz, eta ohiko bihurtu lehenengo urteetan. Harrezkero, inguruko taldeek Su Ta Gar, Zarama, Hertzainak, Exkixu, La Polla, Latzen, RIP, Kuraia, S.A., Fermin Muguruza eta abar luzearekin partekatu dute agertokia. 40 bat taldeko zerrenda luzea, gure herriko rock uztaren erakusgarri.
Aurtengo picnic musikalean bertako ordezkari diren Oliba Gorriak zorrotz eta zehatzekin batera Des-Kontrol streetpunk talde arrasatearra eta Atom Rhumba talde bilbotar cool eta zirraragarriak asaldatuko dituzte piztiak, eta urteurrena ospatzeko, lehenengo aldiz berbena izango da Amaiur taldearekin, festa ohi bezala egunsentira arte luzatzeko.