Emakumeen Bira: maila bikaina, aitorpen eskasa
Atzo arratsaldean Iurretatik Luku-Arrietarainoko kronoigoera eginda hasi zen xx. Emakumeen Bira. Iurretako Txirrindulari Elkarteak antolatu eta GARAk babesten duen lehiaketak aurten luxuzko parte-hartzea du. Izan ere, hemeretzi taldeetako txirrindularien artean munduko onenak daude. Maila ezin hobekoa da, beraz, igandea arte iraungo duen kirol ikuskizuna.
Ukaezina da emakume kirolari horien maila altua. Hala ere, instituzioetatik, hedabideetatik eta gizartearen parte batetik jasotzen duten balioespena ez da, inondik inora, esandako mailari dagokiona; ez da kirolarien esfortzuaren parekoa. Ez da kontu berria, ezta txirrindularitzari bakarrik eragiten diona, kirol guztietako emakumeek jasaten baitute diskriminazio bera. Kirol munduan irizpide ekonomikoa da nagusi. Ustezko errentagarritasunik eza gizarte diskriminazioan bide du jatorria, baina gizarte diskriminazioa, aldi berean, hedabideen, enpresen eta instituzioen diskriminazioaren ondorio da. Ohikoa da gizonezko kirolariak eta kirol taldeak era guztietako laguntzak jasotzea, eta babes hori onuragarri eta beharrezkoa da, baina uste izatekoa da emakumeek laguntza berdinak jasotzea ere onuragarria eta beharrezkoa dela, areago irits dezaketen maila bikaina erakutsi dutenean. Hartarako, irizpideek arrazionaltasuna eta berdintasuna beharko lukete izan.