KPI kontrolatua, baina bakan batzuen ongizatea ez da herritar guztien ongizatea
Maiatzeko Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) datuak onak omen dira. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan zenbait hamarren igo bada ere, urteko inflazioa aurreikusita bezalatsu dago. Beraz, KPIren azken datuak egoera ekonomiko onaren adierazle gisa aurkeztuko bide dituzte administrazioek eta enpresaburuek; hala ere, egoera ekonomiko on hori herritar guztiek ez dute berdin sumatzen. Joan den astean Europako Banku Zentralak interes-tasak igo zituen, prezioen igoera kontrolatzeko, hain zuzen. Hartara, errenta txikiko familiei prezioen igoerak zailtasun handirik eragiten ez dienean, dirua garestitu izanak eragiten die, eta zer esanik ez hipoteka bat ordaindu behar duten familiei. Egoera ekonomiko onean zein txarrean, KPIren igoera txikia zein handia izan, enpresaburuen gomendioak berberak dira: soldata-neurritasuna. Adibiderik hurbilena aurtengo negoziazio kolektiboetan patronalak duen jarrera itxia da. Beraz, komenigarria izango litzateke ekonomia ondo doanean norentzat den ona zehaztuko balute. Ez da onartzeko modukoa bakan batzuen ongizatea guztien ongizatea balitz bezala aurkeztea.