GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT Gelditu! Elkarlanak bozetan proiektuaren aldeko jarrera zigortu dela uste du

«Inposaketan eta gutxi batzuen negozio gosean oinarritu den agintaldiak erantzun indartsua jaso du». Horrela ulertzen ditu elkarlanak hainbat herritan AHTren alde agertu diren alderdiek lortutako emaitzak. Herri mugimenduaren zeresana ere goraipatu nahi izan du.

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

AHT Gelditu! Elkarlanak pozarren hartu ditu maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak eta proiektuaren aurkako borrokan aurrerapauso bat ekarriko duela nabarmendu zuen atzo egindako agerraldian.

Emaitzek, euren iritziz, AHTren aldeko apustua egin duten agintariei herritarrek emandako zigorraren erakusle dira. Hala arrazoitzen zuten AHT pasatzen den hainbat herritan egon den aldaketa nabarmena.

Herri mugimenduak egindako «lan eredugarria» txalotu zuen elkarlanak «informazioa, eztabaida eta parte-hartzea bultzatu duten herrietan, eta herri kontsultaren ariketa egin duten herrietan AHTren aurkako jarrera indartu» egin baita.

Hauteskundeen ostean, herri mugimenduaren baldintzak hobetu egin direla azaldu zuen, herri kaltetu askotan, lehenengo indarra AHTren aldekoa izatetik aurkakoa izatera pasatu delako. Hala ere, argitu nahi izan zuten eskaera berberak egingo dizkietela udal guztiei eta konpromiso garbiak eskatuko dizkietela. «AHT Gelditu! Elkarlanak bere lana egiten jarraituko du, alegia, agintariek ezkutatzen duten informazioa kaleratu eta proiektu antiekologiko eta antisozial horren aurkako mobilizazioak bultzatzen», azaldu zuen.

Gogor salatu zituzten Lakuako Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuk hauteskunden ostean egindako adierazpenak: obrak ez zirela ezertan aldatuko eta dena erabakita zegoela esan baitzuen. «Argi geratu da herritarren nahia ez duela errespetatzen eta, inposaketaren eta errepresioaren aldeko hautua egiten duela» nabarmendu zuen.

Bestalde, Durangon egindako agerraldian larunbatean egingo duten manifestazioaren berri eman zuten. Eraskustazokatik abiatuko da 18.30ean eta jada 26 eragileren 150 pertsonaren sostengua jaso du.

Batzarra

Datozen hilabeteetako AHTren aurkako lan ildoa zehazteko batzar orokorra egino dute ekainaren 30ean Elorrioko Arriola kulturgunean 10.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo