GARA > Idatzia > Euskal Herria

2,5 milioi euroko diru-laguntza uholdeek hautsi bideak konpontzeko

Idoia ERASO | SENPERE

Euskal Herrian uholdeek eragindako kalteak izan dituzten 20 bat udalerritako bideak konpontzeko, Kontseilu Nagusiak 2,5 milioi euroko diru- laguntza berezia emango du. Bide departamentalak konpontzeko 1,7 milioi euro, eta gainerako 800.000 euroak Herriko Etxeetara bideratuko dituzte haien gain diren bideak konpontzen laguntzeko. Udalei laguntzak konponketa aurrekontuen %40 eta 55 artekoak izanen dira herri bakoitzaren autonomia ekonomikoaren arabera.

Departamenduko bideak konpontzeko erabiliko dituzten 1,7 milioi euroetatik 300.000 lehen astean baliatu zituzten. Izan ere, uholdeak eta aste betera Senpereko Herri Urrats posible egiteko arin- arin egin zituzten lanak. Senpereko bide departamentaletan izan dira kalte handienak, konponketa lanek 450.000 euro beharko baitituzte.

Herrietako bideei dagokienez, Saran izan dute kalterik handiena, bidea konpontzeak 950.000 euroren beharra izanen baitu.

«Erantzukizunak eskatu beharko dira Kontseilu Nagusiaren erakundetik gaindi, beharbada Akitaniako Kontseiluari, beharbada Estatuari», adierazi zuen Pirinio-Atlantikoetako presidente Jean-Jacques Lasserrek.

Hainbat erakundetako ordezkariek hondamendiagatik izan den elkarlana eta azkartasuna nabarmendu zuten. Senpereko auzapez Christine Bessonartek lan guztiak «oso arin» egin zituztela adiera eman zuen eta, hala, Jean-Jacques Lasserrek «egoera larri honetan kolaborazio handia» izan zela esan zuen.

Arazo anitz

Hendaiako kantonamenduko kontseilari nagusi Daniel Poulouk inolako segururik ez duen jendea laguntzeko sistema sortu behar dela nabarmendu zuen. Uholdeen kalteak izan dituzten biztanle eta artisauen egoera zailak kudeatzeko sistema sortzearen alde agertu zen Poulou, biztanleei diru-laguntza zuzenak helarazi ahal izateko.

Senpereko auzapezak askotan arazoak konpondu beharrean, handitzen direla adierazi zuen uholdeen ondorioei buruz. Herrian zeresan handia sortu du Errobi ondoko bi campingen afera eta hori ere aipatu zuen auzapezak. Izan ere, prefetak bi kanpinak ixtea erabaki berri du. Bi establezimenduetako jabeek material berria erosi eta gero heldu da erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo