GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizikleta Martxak Zornotza girotuko du amnistiaren aldarrikapenarekin

Asteburu honetan txirringan ibiltzen amnistia aldarrikatzeko beta izango da Bizkaian. Amnistiaren aldeko mugimenduak Bizikleta Martxa antolatu baitu herrialde honetako eskualde ezberdinetan. Ekimen honen punturik gorena igandean, Zornotzan, izango da.

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, «txirringaz aurrrera, amnistian aukeran» leloarekin, Bizikleta Martxa antolatu du Bizkaian. Ekimenaren une garrantzitsuenetakoa igandean izango da; Zornotzan egingo duten egun osoko jaialdia, hain zuzen ere.

Atzo Bilbon, hiru lagunek dinamikaren berri eman zuten: Tasio Erkizia, ezker abertzaleko militante ohia eta torturatua; Gaizka Larrinaga, birritan atxilotu eta torturatua; eta atxilotu zein torturatu Ziortza Fernandez, baldintzapeko askatasunean dagoena. Eurekin batera, Anjel Alkalde, Jose Luis Sainz, Roberto Saiz «Baru» hildako presoaren aita, eta azken 30 urte hauetan errepresilatutako hainbat kide izan ziren.

Fernandezek adierazi bezala, Zornotzan irudikatu nahi dutena da «azken hiru hamarkadetan izandako iruzurra». Hala, amnistiak «gatazkaren ondorioei benetako irtenbidea ematen diela» nabarmendu zuten. Horretaz gain, AAMk «nahitaezkotzat» jo zituen: «euskal preso eta iheslari guztien eskubideekiko errespetua, eragile politiko, sindikal eta sozialen kontrako kriminalizazioaren bukaera, oinarrizko eskubide demokratikoak bermatzea, salbuespeneko legedia bertan behera gelditzea eta estatuen indar armatuen presentzia eta jardunbidea gelditzea».

Biziketa Martxa duela sei urte Durangaldean amnistia eskatzeko sortutako ekimena da. Eskualde horretan, 96 talderen eta kolektiboren babesa lortu du.

Hala, aurtengo ekimena herrialde osora zabalduko dute. Alde horretatik, Durangaldetik bertatik abiatuko da Bizikleta Martxa ostiralean: Mañaritik. Hala ere, gehienetan ekimena larunbatean izango da. Egun horretan bertan izango da hitzordua 18.00etan, Bilboko Arriaga plazan.

JAIA

Zornotzan, Bizikleta Martxako azken kilometroan, ekitaldi politikoa, herri bazkaria eta Ene Bada eta Edan musika taldeen kontzertuak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo