GARA > Idatzia > Arrauna

TKE Ligako traineru euskaldunak lehian ikusteko aukera izango da Mutrikun

A.A. | DONOSTIA

Datorren larunbatean jokatuko den Mutrikuko VIII. Traineru Ikurrina proba garrantzitsua izango da. Izan ere, uztailaren 7an hasiko den TKE Ligara begira ontziak nola dauden ikusteko parada izango da. Denboraldian lehen aldiz, lehiaketa horretan parte hartuko duten zazpi traineru euskaldunak batera eta koadrilarik onentsuenekin lanean ikusteko aukera izango dugu.

Arratsaldeko 17.00etan hasiko da eta lehen txanda erlojuaren aurka jokatuko dute Castro B, Hibaika, Zierbena, Hondarribia B, Kaiku, Donostia Arraun, Isuntza eta Ondarroak. Bigarren txandan San Pedro, Pasai Donibane eta Getaria irtengo dira. Hirugarren txanda Arkote, Zarautz eta Zumaiarentzat izango da. Eta laugarren eta azken txandan arituko direnak Hondarribia, Orio eta Urdaibai izango dira.

Denboraldi hasiera honetan pronostikoak egitea zaila bada ere, ikusmin handia dago Urdaibaik egingo duen denbora jakiteko. Bermeotarrak jaun eta jabe izan dira trainerilletan eta trainerua nola dabilen ikusi nahi dute zaleek. Bizkaitarrekin batera, Hondarribia, Orio eta Zarautz izan daitezke Mutrikuko bandera irabazteko hautagai nagusiak.

Cascante, Urdaibaira

Laredok entrenatzaile kargutik kendu ostean, Imanol Cascante pasaitarrak Urdaibaira joatea erabaki du. Oraingoan, arraunlari moduan bakarrik arituko da bermeotarren azken fitxaketa. Ez da ahaztu behar, Cascante Urdaibaiko entrenatzaile izan zela orain dela bi denboraldi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo