Barricadak «familia giroan» jaso zuen Diamantezko Diskoa
Barricadak Diamantezko Diskoa jaso zuen atzo 25 urtetan miloi bat disko saldu dituela-eta. Ezkaba mendiaren oinean dagoen Artikako kultur etxean izan zen ekitaldia eta akustikoan emandako kontzertuarekin ospatu zuten. Txantreako talde mitikoaren ibilbidearen lekuko erakusketa dago ikusgai. Hainbat musikari ere hurbildu ziren.
Jasone MITXELTORENA | IRUÑEA
Atzokoa egun berezia izan zen Barricada taldearentzat, urte honetan behin baino gehiotan egin dieten bezala, atzokoan ere errekonozimendu berezia egin baitzitzaion. Hogeita bost urte betetzen dituzten honetan miloi bat disko saldu dituztela-eta Diamantezko Diskoarekin saritu zituzten txantrearrak. Artikako kultur etxean izan zen sari banaketaren ekitaldia, eta taldeak akustikoan eman zuen kontzertuarekin ospatu zuten. 250 lagun inguru bildu ziren bertan. Zale leialak, lagunak eta hainbat musikari agertu ziren. Drogas-ek adierazi zuen bezala, «horrela izatea nahi genuen, familian». Saria hartzearekin batera errandako hitzak dira, guztiei biziki eskertu ondotik. Urte hau hagitz ona izaten ari dela jakinarazi zuen, eta «horrela amaitzea espero dugu. Urtea, noski», adierazi zuen umore onez; entzuleen barreak eragin zituen hala. Izan ere, urteurrenak ospatzen eta ibilibide luzeak aitortzen ari zaizkien arren, gogotsu eta aintzinera segitzeko indarrez beterik ikusten da taldea. Agertoki gainean gozatzen dutela ikusita, badirudi luze iraunen dutela.
Gaiarre antzokian akustikoan grabatutako «Mordiscos» diskoan bezala, « Tu nombre» kantarekin hasi zuten kontzertua. Eroso ziruditen, Drogasek lurrean eserita eta entzuleengandik hurbil kantatu zuen. «Pirata» bezala aurkeztu zuten saxofoi-joleak ukitu berezia eman zion kantari. Lehen sei piezak lasai hasi zituzten, zaharrak eta berriak nahastuta, betiere hiru emakumezkok osaturiko koroak, Alfredoren seme Ikerrek jotako teklatuak eta aipaturiko saxofoiak sortutako berezitasunarekin. «No hay tregua» eta «Problemas» gaiekin indarra hartuz joan zen taldea. Azken honekin, Drogasek ezin izan zion Barcina berriro alkate izanik sortuko diren arazoak aipatzeari eutsi, berak erran zuen bezala, «ihes egin dit aipamenak». Umoretsu egon zen kantaria kontzertu guztian.
Hurrengo kantak ere indartsu atera ziren, Lobo-ren armonikarekin lagunduta. «Animal Caliente» eta «Pídemelo otra vez» piezek entzuleak kantatzera animatu zituzten. Boni-k, taldeko bigarren abeslariak, giro intimoagoa sortu zuen azken abesti horrekin. Pieza hori kantatzen lagundu zuten ahots ziragarriak eskertu zituen eta txalo zaparrada koroak egiten zituzten Marife, Arantxa eta Triniri eskaini zien. «Blanco y negro» ezagunarekin berriro indartu zen taldea eta besta giro kutsakorra zabaldu zuten. Teknikariei eskaini zieten kanta hori, beren esku baitago «gauzak ongi edo gaizki ateratzea», erran zuen Drogasek ironiaz. «El pan de los ángeles» eta «Las paredes del pozo» «emakume borrokalariari» eta kontzertura agertu ziren lagun-musikariei eskaini zizkieten, bertzeren artean, Aurora Beltran, Marea, S.A. eta Koma. Agurtu ziren arren, entzuleei kasu eginez, hogeigarren kantarekin amaitu zuten. Dantza ere egin zuten bukaeran.
Atarrabian joan den martxoan emandako kontzertu bikoitzarekin hasi ziren urteurrena ospatzen, bertako Udalak egindako omenaldian. Apirilean 1982ko lehen kontzertua oroitu zuten Txantrean eta atzokoan Diamantezko Diskoa jaso zuten. Sanferminetan Iruñeko Udalak omenduko ditu, eta udazkenean biografia liburua argitaratzeko asmoa omen dute.
La celebración del Disco de Diamante por un millón de ventas de Barricada comenzó con la inaguración de una exposición. Mediante imágenes del grupo, carteles anunciadores de conciertos, entradas, premios, instrumentos utilizados por ellos y otros elementos dan cuenta de la extraordinaria trayectoria de los de la Txantrea. Las fotografías tomadas por Lucía de Andrés se podrán visitar en la Casa de Cultura de Artika al menos durante una semana.
Se puede ver desde el primer concierto del grupo hasta el que dieron en honor a ese primero hace unos meses, y otro en el que tocan con Rosendo. Los carteles testimonian conciertos hasta en Zurich.
J. M