Kokaleku berriarekin heldu dira aurten UEUren udako ikastaroak Baionara eta Iruñeara
GARA | BAIONA
«Uda zure neurrira» lelopean aurkeztu zituen atzo Baionan Ipar Euskal Herriko udako ikastaroak UEUk. Baionan uztailaren 9tik 13ra izango dira eta 8 ikastaro eskainiko dira. Berritasunak aurkeztu ditu aurten Udako Euskal Unibertsitateak; Eibarren bi astez iraungo dute ikastaroek eta Baionan eta Iruñean egoitza aldatuko dute. Baionari dagokionez Bernart Etxepare lizeoan eginen dira aurten ikastaroak.
Kalitatezko ikastaroak eskaini nahi ditu UEUk eta xede ezberdinak asetzeko programa modernoarekin datozela nabarmendu zuten antolatzaileek: «Garaian garaiko beharretara egokitzeko saiakera horretan, aurtengo ikastaroak sekulan baino anitzagoak eta malguagoak izaten saiatu gara, guztion beharrizanak asetzeko», adierazi zuen UEUko zuzendari Lore Erriondok. Malgutasuna gauzatzeko iraupen eta ordutegi ezberdinetako ikastaroak antolatu dituzte, joan-etorriak errazten dituztenak, baita tokian tokikoak ere.
Programa
«Gure helburua urtetik urtero gai berriak jorratzea da, originalak izatea nahi dugu» azaldu zuen udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek. Orotara 30 ikastaro eskainiko dira, Baionako zortzietaz gain, hamar izanen dira Iruñean eta hamabi Eibarren.
Antzerkilaritza eta apiterapia gisako gaiak jorratuko dira Baionan, besteak beste. Tartean kazetaritza, osasuna, psikologia, sexologia, musika eta literaturari buruzko hainbat ikuspegi ezagutzeko aukera ere izanen da.