GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal Herria Baik ez du dei berezirik egin bozen bigarren itzulirako

Abertzaleek, lehen aldiz, 10.000 boz baino gehiago lortu dituzte. Biziki kontent agertu dira bai hautagaiak bai koalizioko alderdiak. Boz-emaileen esku utzi dute 2. itzulirako erabakia.

Maria AIZPURUA | BAIONA
 

Koalizioa jasotako bozen «jabe» ez dela eta hautesleak 2. itzulirako geratu diren hautagaien «ibilbidea neurtzeko aski nagusiak» direla onartu ondoren, Asanblea Nazionalean eserlekua eskuratzeko aukera duten hautagaiak babestea edo ez, boz-emaile bakoitzak deliberatuko duela esan zuten, atzo Baionan, EH Baiko ordezkari eta hautagaiek.

Koalizioko AB, Batasuna eta EA alderdietako ordezkari Mertxe Colina, Xabi Larralde eta Mattin Etxepare pozik agertu ziren igandean lortutako emaitzekin. «Politikoki koalizioak funtzionatu duela eta abertzaleontzat errazak ez diren hauteskundeetan, botoa mugiaraztea lortu dela adierazten dute emaitzok» esan zuen Larraldek.

Konfiantza berreskuratu

Militanteen, hautagaien eta alderdien arteko elkarlana giro bikainean garatu dela nabarmendu zuen Colinak, eta gainera kanpaina honek «abertzaleen arteko konfiantza berreskuratzeko» balio izan duela azaldu zuen, guztiek egindako lan eskerga eskertu ostean.

EH Baik 10.698 boz (%8,12) bildu zituen ekainaren 10eko lehen itzulian eta hiru barrutietan laugarren indarra (hirugarrena Leonie Aguergaray aurkeztu zen IV. barrutiko euskal kantonamendutan) izatea lortu zuen. Hautagaien esanetan, 2002an baino 1.238 boz gehiago jaso ditu koalizioak. «Abertzaleok 10.000 boz baino gehiago lortu dugun lehen aldia da», adierazi zuen Aguergarayk eta abertzaleek bozaren garrantzia ulertu dutela gaineratu zuen.

Estatuan ezkerreko indarrek beherakada nabarmena izan dute; era berean, ordea, «EH Bai atera da hobekien» Beñat Elizondoren esanetan. VI. barrutiko hautagaiarentzat, «lortutako emaitzak abertzaleen lanaren balioa eta zuzentasuna frogatzen dute».

Alde ilunak

Alde ilunen artean, IV. barrutiaren osaketa nahasiaren ondorioz (Euskal Herria eta Biarno) «abertzaleen indarraren errealitatea nolabait urtua» geratu dela aipatu zuen Miguel Torrek. V. barrutiko hautagaiak hainbat komunikabide publikoen aldetik euren kanpaina tratatzeko garaian desberdinkeria jasan dutela kritikatu zuen.

Bigarren itzulirako EH Baik ez du deirik egin eta beren boz-emaileengan utzi du bozkatzeko edo ez bokatzeko erabakia. Haatik, koalizioa osatzerakoan, alderdi bakoitzak hautagairen bat sostengatzeko askatasun osoa izatea adostu zutela adierazi zuen Colinak. Litekeena da, beraz, dei berezituak izatea.

Beren aldetik, Biarrizko hautetsi abertzaleek dei egin dute ja VI. barrutian Sylviane Alaux eta bere ordezko Kotte Ezenarro bozkatzera, «Departamenduaren sorreraren, herri-kontsulta egitearen eta Hizkuntz gutxituen Xarta sinatzearen» alde daudelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo