UCI PRO TOUR Dauphine Libere
Vinokourovek Tourraren bidea ezin hobeto hartu du
Astana taldekoa itzuliaren lider berria da erlojupekoa irabazita, Kashechkin lagunaren aurretik, eta aurkari guztiak nabarmen menderatu zituen
Astana taldeak nagusitu zen atzo Dauphine Libere itzuliaren atzoko erlojupekoan. Hain zuzen, Alexandre Vinokourovek saioa irabazi zuen eta Andrey Kashechkin taldekidea bigarren sailkatu zen, aurkari guztiak menderatuta.
Helmugan aldeak nabarmenak izan ziren 40,700 kilometroko lana bete ondoren. Esaterako, Moreau liderrak 2.53 galdu zuen, Zubeldiak 3.19, Contadorrek 3.22 eta Antonek 7.43. Berriro ere, Egoi Martinez euskaldun onena izan zen 2.30era.
Vinokourovek eta Kashhechkinek sekulako maila erakutsi zuten eta lasterketaren burua hartu dute; Leipheimer eta Valverde faboritoek, berriz, minutu bat baino gehiago galdu zuten.
Dena den, Astana taldeko liderrek beste azterketa bat dute gaur; izan ere, Mont-Ventoux gainean bukatuko baita saioa. Guztira, 197 kilometro izango dira, azken 21ak maldan gora.