GARA > Idatzia > Ikusmira

Antxoaren arrantzaren debekualdian zientifikoen datuak ez dira erabakigarriak

Azti Tecnaliak, joan den hilean antxoaren biomasa ebaluatzeko kanpaina egin duen aditu taldeak, antxoaren egoera oraindik ez dela suspertu esan du, haren maila Ardura-Biomasaren azpitik baitago. Adituek emandako datu zientifiko horiek, ordea, ez dira aski izango debekualdiak jarrai dezan. Datorren astean Europar Batasuneko Arrantzaren Bartzorde Zientifiko eta Teknikoak erabakiko baitu hari eustea ala ez. Hartarako kanpaina esperimentalen emaitzak eta estatu frantsesaren eta espainolaren txostenak aztertuko dituzte. Eta, debekualdiak bere horretan jarraitzea erabakiko balute ere, ez da baztertu behar berriro ere «kanpaina esperimentalak» egitea, aurten egin duten bezala. Hartara, itxuraz itsasoko baliabideenganako ardura erakutsi eta, aldi berean, haiek ustiatzen jarraituko lukete, interesen arabera. Ez dago batere argi, beraz, zer pisu duten datu zientifikoek estatuen interes ekonomiko eta politikoen aldean. Ez dago argi zer pisu duten herritarren interesek, edo itsasbazterreko arrantzaleenek. Zoritxarrez, argi samar dago estatuek defendatzen dituzten interesak beti ez datozela espezieen etorkizuna bermatzearekin bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo