Euskara sustatzeko tren zerbitzu berezia izango da Argantzunera
Renfe-k antolatutako tren zerbitzu berezia aprobetxatzeko deia zabaldu dute Araba Euskaraz-eko antolatzaileek. Hori izan da azken orduko deia «Garenaren jostun» lelopean Argantzunen antolatu duten festarako. Bederatzi haur eta bi irakaslekin 2003an osatutako Argantzon ikastolako proiektua martxan jarri zutenek merezitako omenaldia jasoko dute aurten. Ikastola errealitate bihurtzeko laguntza handia izan zen 2001ean bertan izandako Araba Euskaraz.
GARA | GASTEIZ
Lau tren berezi abiatuko dira goizean Gasteizko geltokitik Argantzunera. Lehenengoa 9.15ean aterako da eta hortik aurrera, 10.15ean, 11.15ean eta 12.15ean gainontzekoak. Araba Euskaraz jaiaren mesederako garraio publikoa indartu denez, antolatzaileek espero dute modu honetan milaka pertsona joango direla Gasteiztik Argantzunera festaz gozatzeko asmoz.
Horrekin batera, Euskal Herri osoko euskaltzaleak Trebiñun espero direnez, hainbat aparkaleku prestatu dira herriaren inguruan. Espero da iragarrita dagoen eguzkia Argantzuneko zeruan egotea eta milaka pertsonek parte-hartzea bihako jaian.
Arabako Ikastoletako lehendakari Joseba Aginagalderen hitzetan, Arabako ikastolen aldeko festa Argantzunen ospatzeak garrantzi handia du, kontuan izanik «nahiz eta Arabako bihotzean kokatuta egon» Gaztela eta Leon Erkidegoan kokatzen dela Estatu espainoleko legearen arabera, «horrek suposatzen duenarekin».
Jaiaren koordinatzaile Angel Olaldek gehitu zuenez, «Burgosko administrazioaren menpe gaude, baina Araban eta euskaraz bizi gara». Administrazio arrotzarekin ez dute harremanik eta oztopo eta zailtasunak baino ez dizkiela jartzen salatu zuen Olaldek. «Administrazioarekin ez dugu inolako hezkuntza hitzarmenik eta horrek, Derrigorrezko Hezkuntza euskaraz ematea ezinezko egiten du», gehitu zuen.
Hori dela eta, zero eta sei urte bitarteko haurrentzat soilik eskaintzen da hezkuntza Argantzunen. 2001ean ere herri honetan ospatu zen Araba Euskaraz eta jaian bildutakoarekin ikastola eraiki zuten. Handik bi urtera zabaldu zituzten ateak eta hamaika haur eta bi irakasle hasi ziren ikastola berrian. Egun, hogeita hemeretzi ikasle, bost irakasle eta jantokiko jagolearekin osatutako ikastola da Argantzunekoa.
Bultzada
Egoera hala, dei berezia egin die Argantzuneko ikastolako lehendakari Eulalia Salmonek euskalzale guztiei parte hartzeko. «Euskarak oraindik behar duen bultzada ematea garrantzitsua da eta are gehiago Argantzunen eta bere inguruan».
Karmele Jaiok idatzi du aurtengo jaiarako abestiaren hitza. «Garenaren jostun euskara eta Argantzun, garenaren jostun, batuta nahi ditugu», dio Betagarri taldeak doinua jarri dion kantak, eta bihar, hirugarren gunean hain zuzen ere, zuzenean eskainiko du taldeak 17.30ak bueltan. Musika gune honetan, eguerditik hasita, Noissex, Sexty Sexers eta Neubat arituko dira Betagarri taldearen aurretik.
Laugarren gunean bestalde, Argantzuneko futbol zelaian, globo aeroestatikoak eta labeldun produktoak dastatzeko aukera izango da, Errioxako ardoa besteren artean. Bertan, txikientzako tailerrak eta rokodromoa prestatuko dituzte, era berean.
Bigarren gunean, bestalde, erreka inguruan, Pirritx eta Porrotx pailazoak izango dira goizez eta geroago, dantzak, bertsolariak eta txontxongiloak izango dira.
Eta lehenengo gunean, azkenik, hiru puntu nabari izango dira. Ikastola bera, frontoia eta siloa. Ikastolan, 10.00etan, zirkuitoaren -lau kilometro ditu- irekiera ofiziala izango da eta ondoren, bertan, dantzariak eta betizuak izango dira goizez; eta arratsaldez, Trapatoni eta Tapia eta Leturia. Tailer eta puzgarriekin disfrutatzeko aukera izango da hemen ere.
Siloan, bestalde, herri kirolen gunea izango da eta frontoian, Arabako herrien arteko txapelketaren finala jokatuko da goizean goizetik.
2001ean ere herri honetan ospatu zen Araba Euskaraz eta jaian bildutakoarekin ikastola eraiki zuten. Handik bi urtera zabaldu ziren ikastola berriko ateak, eta egun 39 ikasle, bost irakasle eta jantokiko jagolea ditu.