GARA > Idatzia > Pilota

Modu onean eta une egokian emandako aholku baten garrantzia

Asier Olaizola eta Joxton Olaetxea izango dira bihar Aimar Olaizola eta Abel Barriolaren botileroak. Osteguneko aukeraketan, ordea, Etxanizek hartu Olaetxearen lekua. Adituak ados jartzen ez badira ere, argi dago aholku on batek garrantzia izan dezakeela final handi batean.

Asier AIESTARAN

Pilota munduan tradizio ikaragarria duen figura da botileroarena. Beste kirol batzuetan entrenatzaileri ematen zaion garrantziaren parekoa ematen diote zenbaitzuk aulkian eserita aholkulari, masaje-emaile edota sikologo lanetan ibiltzen den laguntzaileari. Azken hamarkadetan izan dira botilero moduan sekulako fama hartu dutenak ere, Martin Ezkurra handia esaterako, Julian Retegiri eta Patxiri horrenbeste txapel irabazten lagundutakoa.

Normala den moduan, horrenbeste esperientzia ez du oraindik Asier Olaizolak, baina biharkoa laugarren Buruz Buruko finala izango du anaiaren botilero moduan -Lau eta Erdikoak kontuan hartuta kopurua bikoiztu egingo litzateke-. «Garbi dago pozgarria dela berriz ere hemen egotea. Nahiz eta botilero gisa izan, urtero finaletan egotea ona izaten da. Seinale anaia ongi dabilela», dio Goizuetakoak. Buruz Buruko Txapelketa eta beste lehiaketen artean alderik ba ote dagoen jakin nahi izan dugu, baina Asierrek argi dauka finala beti finala izaten dela: «Ez da desberdina, azkenean final bat beti berezia da izan Lau eta Erdikoa, Binakakoa edo Buruz Burukoa. Nahiz eta Manomanistak izen handiagoa duen, beste lehiaketetan ere final bat jokatzen ari zarenean huraxe izaten da zuretzat garrantzitsuena».

Asierren kasua, gainera, nahiko berezia da. Botilero izateaz gain, senidea ere bada eta entrenamenduetan ere buru-belarri sartuta ibili da Aimarrekin batera. «Azkenengo bi entrenamentuetan Aimar ongi ikusi dut. Bera ere gustura geratu da eta hori izaten da azkenean garrantzitsuena, entrenamenduetan berak bere burua ongi aurkitzea», aipatu digu Asierrek egindako lanarekin pozik.

Anaiak egin duen txapelketaz galdetuta, Asier Olaizolak onartu egiten du lehen partidan anaia ez zuela bere mailan ikusi, baina Gonzalezen aurka egindako lana asko gustatu omen zitzaion. «Ruizen kontra gaizki aritu zen, lotuta bezala ikusi nuen, ez zen pilotetara ongi jartzen. Gonzalezen kontra berriz oso ongi ikusi nuen, komentario asko izan dira Aimarren eskubi hori dela-eta, baina nik behintzat oso oso ongi ikusi nuen», argitu nahi izan du.

Aurkaria aztertzerako garaian, ahuldade gutxi ikusten dizkio Asierrek Abel Barriolari, gutxiegi aukeran. «Abeli irabazteko argi dago Aimarrek berak dakien guztia jokatu beharko duela. Hemen ez dago ezer berezirik egiten hasterik, milagrorik ez dago. Abel oso ongi dabil, aurten behin baino gehiagotan erakutsi du bere maila, eta Aimarrek irabazi nahi badu, bere armak oso ongi erabili beharko ditu», irizten dio Aimarren anaiak.

Azkenik, olaizolatarrak oraindik ere urduritzen ote diren jakin nahi izan dugu. Bada bai, dirudienez biak urduritzen dira, kantxara irtetzen dena eta aulkian esertzen dena. «Diferentea da. Aurreneko finaletik hona Aimar helduagoa da, ezberdin hartzen ditu gauzak. Baina hemendik hamar urtera ere final bat jokatu beharko balu urduri jarriko litzateke, nahiz eta heldutasun hori nabaritzen den. Eta neure kasuan ere gauza bera. Sufritzen ez dudan eguna iristen bada, seinale txarra. Hori beti gertatuko da», aitortzen digu zintzo Goizuetako aurrelariak.

Baten faltan, bi

Lan kontuak medio, Joxton Olaetxeak, Abel Barriolaren botileroak, ezin izan zuen osteguneko pilota aukeraketan egon. Baina nafarra ez du bihar hutsik egingo eta Abelen aldamenean egongo da zintzo-zintzo. Bere ordez, Jokin Etxanizek, Aspeko zuzendari teknikoak, Leitzako atzelariari finalean erabiliko dituzten pilotak behar bezala hautatzen lagundu zion. Etxaniz ere, botilero lanetan azkenaldian behin baino gehiagotan ikusi dugu. Arrakasta handienak Irujoren aldamenean lortuko zituen noski, baina Binakako Txapelketan ere Aspeko bikoteekin ikusi izan dugu askotan.

Lanak pilatu egiten zaizkio askotan Bergarakoari, material aukeraketak, entrenamenduak, jaialdiak..., baina Barriolaren mailako pilotari batekin lan egitea beti da errazagoa. «Gonzalez eta Aimarren arteko finalerdia atzeratu egingo zela jakin genuenean zalantza batzuk izan genituen bikoteka partiduren bat jokatu ala ez. Jokatzea aukera ona zela pentsatu genuen, gehienbat finaleko entrenamenduek-eta ekartzen duten presio hori pixkabat ahazteko. Zorionez, Abelek ongi amaitu zuen eskuetatik, ez zuen arazorik izan, eta geroztik bi aste izan ditugu finala prestatzeko, finalean zentratzeko. Aste bakarra atzeratu da finala eta uste dut ez dela izan kezkatzeko moduko zerbait», aipatzen zuen Jokin Etxanizek Donostiako Atano III.a pilotalekuan material aukeraketa amaitu bezain laister.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo