GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritar guztien berdintasuna eskatuko du gaur «Gay Pride»k

Idoia ERASO | BIARRITZ

Gaur arratsaldeko lauretan hasiko da Biarritzen «Gay Pride» edo homosexualen harrotasunaren ibilaldia. Herritar guztien berdintasuna eskatzeko abiatuko da martxa. Biarritzeko Lesbian Gay Pride elkarteak antolatzen du aldarrikapen eguna.

Elkarteko presidenteak argi adierazi zuen Estatu frantsesak homosexualekiko daraman politika: «Frantses errepublika atzeratua gelditu da». Hego Euskal Herriko gay eta lesbianen kolektiboekin harreman estua daukan Biarritzeko elkarteak Bidasoaren hegoaldeko eskubideak eskatzen ditu iparraldeko hiru probintzientzat ere bai. Lesbian Gay Pride elkarteak Estatu frantsesean sortu nahi den homosexualentzatko «batasun zibila» egitasmoa ukatu nahi du. «Bikote homosexualak estatutu berezi batean bereiztea errepublikaren berdintasun espirituaren kontra» doala nabarmendu nahi du elkarteak. Europar Batasunaren barnean herri batzuek¯hala nola Polonia¯ egin dituzten adierazpen eta ekintza homofoboen salaketa ere egin du elkarteak.

Jai eguna

Arratsaldeko martxa baino lehen hiriko Itsas-Argian egin bazkariarekin hasiko da jai eta errebindikazio eguna. Gaueko hamaiketatik aurrera besta egiteko aukera izanen da ere Donibane Lohizuneko Mata Hari diskotekan Gay Pride gaua izango baita. Biarritzeko L'Ilot 424an jarraituko du jaiak ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo