La Ruée au jazz, jazza gizartera zabaldu nahi duen jaialdia
Uztailaren 12tik 14ra Baionan izanen den La Ruée au jazz jaialdiak aurten bere bosgarren edizioa egingo du. Aurreko edizioko arrakastaren itzalari jarraiki Joshua Redman, Kenny Garret Quartet, Henry Texier Strada Sextet eta Smooth izanen dira entzungai.
Idoia ERASO | BAIONA
Interesa duten pertsona guztiei jazza entzuteko aukera zabaltzea jarraitzen du izaten bosgarren edizioa ospatzen duen jaialdiaren filosofia. Antolatzaileek xedea nola gauzatzen duten errazki ikus daiteke Joshua Redman musikari ezagunaren sarreraren prezioan, 14 euro. Normalean bere kontzertuetan 45 euro ordainarazten dituen Estatu Batuetako musikaria Baionan 8 eta 14 euro tartean ikusteko aukera izanen da.
Joan den urteko arrakasta ikusita, non 10.000 ikusle baino gehiago izan ziren, aurten ordaindu beharreko kontzertuen kokalekua aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Gaueko kontzertu handia orain Elkarteen Etxean eginen da. Kokapen berri honi esker segurtasun eta erosotasun gehiago izateaz gain, dirua aurrezten dutela ere nabarmendu zuen Sabri Bouchfar antolatzaileak: «Azpiegituretan aurrezten dugun dirua musikari ezagunak ekartzeko baliatzen dugu».
10.000 ikusleren muga gainditzea lortu zuen joan den urtean La Ruée au jazz jaialdiak. Baina jaialdiaren kontuetan inolako galerarik ez izatea posible egin zuena, ordaindu beharreko kontzertuetan gauero elkartu ziren 1.000 ikusleak izan ziren. Kopuru hauek oraindik gaztea den jaialdi hau hartzen ari den garrantziaren erakusle dira.
Sarreren prezio txikia atxikitzeko boluntarioen beharra dutela jakinarazi zuten Swing Home antolatzaileek. Horregatik lagundu nahi duen orori boluntario izateko deialdia zabaldu zuten. Informazio gehiago: www. larueeaujazz.com-en.
Gure eskualdean Joshua Redmanen hirukotea ikusteko aukera bakarra izanen da uztailaren 12an bederatzietan Baionako Elkarteen Etxean. Ostiralean izar nagusiak Henri Texier Strada Sexteteko kideak izanen dira toki eta ordu berean.
Larunbatak bi izar handi ekarriko ditu Lapurdiko hiriburura: Kenny Garrett Quartet izanen da lehenik eta gauerdia aldera tekno-jazzaren izarra den Smooth taldea izanen da. Ordaintzeko kontzertuetaz gain bestelako ikuskizunak ere izanen dira hirian.
Aurretiko sarrerak jadanik salgai daude Euskal Herriko Elkar Megadenda guztietan.
I. E.
Joan den urtean 10.000 ikusleren muga gainditzea lortu zen. Ordaindu beharreko kontzertuetan gauero 1.000 pertsona baino gehiago izan ziren. Jaialdia hartzen ari den oihartzunaren seinale dira kopuru hauek.
Ordaindu beharreko kontzertuak aurten Elkarteen Etxean eginen dira. Kokapen aldaketak segurtasun eta erosotasun gehiago eskaintzeaz gain musikari ezagunagoak ekartzea ere posible egiten du.
Tokia: Glaineko Elkarteen Etxean eta Pasteur plazan.
Data: Uztailaren 12, 13 eta 14ean.
Antolatzailea: Swing Home elkartea.
Sarreraren prezioa: Aurretik 8 eta 12 euro, tokian 14 euro.