SEGA Euskal Herriko Txapelketa
Finalerdietan sartzeko azkeneko aukera izango da
Gabirondo, Alkorta eta Goioaga neurtuko dira bihar Gasteizen, eta ordu erdian belar kilorik gehien mozten duten bi segalariek egingo dute aurrera
Jon LEUNDA | BAIONA
Euskal Herriko segalarien Txapelketako lehen faseko azkeneko kanporaketa jokatuko da asteburu honetan. Bihar izango dira Gasteizen, Zuazon, Zabalgunea parkean, 12.00etan.
Bihar Arabako hiriburuan lanean arituko diren kirolariak honako hauek izango dira: Goioaga, Gabirondo eta Alkorta. Segalariek ordu erdia izango dute lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien mozten duten bi segalariek egingo dute aurrera eta finalerdietan izateko txartela eskuratuko dute.
Azkeneko kanporaketa honetan bi gipuzkoar eta bizkaitar bat izango dira, eta lehen herrialde horretako biak dira aurrera egiteko faboritoak. Gauzak normal joanez gero, Gabirondok eta Alkortak egin beharko lukete aurrera, baina Goioaga ahaleginduko da hauek ezustean hartzen, eta ondorioz, aurrera egiten.
Gipuzkoak ditu segalaririk gehien Euskal Herriko Txapelketan, eta orain arte sailkatu diren lauetatik hiru herrialde horretakoak dira. Goikoetxeak eta Arteagak lortu zuten sailkatzea lehen jardunaldian, eta Ormaetxeak bigarrengoan. Hauei Lapazaran gehitu behar zaie, hori bizkaitarra. Beraz, Gipuzkoak gutxienez lau izango ditu finalerdietan, eta bost izateko ere aukera handia dute. Gipuzkoarrak beren herrialdeko lehiaketa jokatzen ari dira, eta haien berri badago, bizkaitarrentzat, berriz, lehen saioa izango da, haiek ez baitute oraindik lehiaketarik hasi. Bai Gabirondok, bai Alkortak erakutsi dute sasoiko daudela. Gainera, lehen saioa ez izate horrek ere abantaila izaten du, estraineko jardunaldia beti izaten baita, edozein kiroletan, arriskutsua, eta baldintza horietan aritu beharko duen bakarra izango da Goioaga.
Hala ere, lehenengo biharko saioa gainditu beharko dute, eta eguerdiko ordubata inguruan jakingo da finalerdietan izango diren segalari guztien izena zein den.
Hala ere, erabakita daude finalerdietako bi multzoak, eta honela izango dira. Lehenengoan, Goikoetxea, Lapazaran, eta biharko lehen sailkatua izango dira, eta bigarrengoan, berriz, Arteaga, Ormaetxea, eta biharko saioko bigarren sailkatua.
Nafarroakoa
Bestetik, gaur abiatukoa da, azkenean, Nafarroako jokoen Txapelketa. Bertan kirol era asko izango dira, eta 19.00etatik aurrera jokatuko da Uharte Iruñeako plazan. Eguraldi txarra egingo balu, ekinaldia kiroldegira pasatuko da.
Txapeleketa honetan zazpi kirol mota egingo dira, eta hiru jardunalditara jokatuko da. Igantzi eta Orbaizeta dira beste bi herriak, eta ekainaren 24an eta uztailaren 1ean izango dira saioak, hurrenez hurren.
Gabirondo eta Alkorta dira sailkatzeko bi faboritoak, eta biak gipuzkoarrak, gainera. Hori lortzen badute, herrialde horretako segalari guztiak izango dira finalerdietan Lapazaranekin batera.
Orain arte ez da ezuste handirik izan, eta jokatu diren kanporaketetan iragarritako guztiek egin dute aurrera. Goikoetxea, Arteaga, Ormaetxea eta Lapazaran jadanik finalaren atarian daude.