Prehistoria Museoaren bidean beste urrats bat egin du Ekain Fundazioak
Lili jauregian Prehistoria Museoa egokitzeko proiektuak 1,8 milioi euroko Europako sari bat irabazi du. Hori izan zen albiste nagusia Ekain Fundazioak atzo Zestoan egin zuen bileran. Horrez gain, Ekain Berri, santutegi paleolitiko ezagunaren erreplika, urtea bukatu baino lehen prest egongo dela berresteko aprobetxatu zuten Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jexux Altuna proiektuaren arduradun zientifikoak.
Martin ANSO | ZESTOA
«Ekain Berriko eraikinean jo eta ke ari dira lanean eta egun gutxi barru hasiko dira kamioiak aurrera eta atzera erreplikatutako pinturen panelak garraiatzen», adierazi zuen atzo Altunak. «Rene Sansonek uztailean entregatu behar ditu erreplika osatzeko falta diren bi panelak; beraz, abendurako dena bukatuta egongo da», zehaztu zuen Gonzalez de Txabarrik.
Horiek hala, jatorrizko kobazuloa eta erreplika bezala Sastarraingo bailaran bertan dagoen Lili jauregian Prehistoria Museoa egiteko beste urrats batzuk egiten jarraitzea erabaki du Fundazioak. Izan ere, Altunak atzo gogoratu bezala, museoa izango da Ekain inguruko proiektu guztia burutuko duena.
Urratsei begira, oso albiste ona jaso du orain dela gutxi Fundazioak: Europako erakunde batek museoa aintzat hartu eta 1,8 milioi euroko laguntza ematea erabaki du. Diru hori aurrekontuaren zati txiki bat baino ez da (Fundazioak eskuartean duen proiektua bataz beste 15 milioi eurokoa da), baina, ahaldun nagusiaren hitzetan, «bultzada sendoa da ikuspegi kualitatibotik, proiektuaren kalitate eta berezitasunari babesa ematen diolako».
Lili jauregia Zestoako Udalak erosi du eta jada eginda dago eraikinaren azterketa historikoa. Adituek aurrez ikusi bezala, jatorriz XV. mendekoa den jauregi horrek «asko du bere buruari buruz esateko; asko du erakusteko». Horregatik, Enrike Aizpuruaren gidaritzapean, eraberritzen hasiko dira, baina bertan Prehistoria Museoko harrera-gela eta beste zerbitzu batzuk baino ez dituzte jarriko. Museoa bera jauregitik gertu eraikiko duten pabilioi batean ipiniko dute. Planta bakarreko eraikina izango da, batez beste 1.200 metro kuadrokoa.
Museoaren edukia ere zehazten ari dira, eta jadanik abian dira proiektu museologiko eta museografikoa, betiere komite zientifikoak ezarritako irizpideen arabera. Horri dagokionez, Altunak aurreratu zuen ez dutela nahi tresna edo material pilaketan oinarritutako museoa, diziplina artekoan oinarritutakoa baizik. Azkenaldion hainbat museo bisitatu dituzte eredu bila, eta Weimar eta Scheleswig-Holsteingoak bereziki gustukoak ditu antropologoak.
«Berrogei urte daramatzat -ohartarazi zuen- Gipuzkoak Prehistoria museo bat behar duela esaten. Ez naiz Liliko museoa noizko egongo den bukatuta esatera ausartzen, gauza hauek diren bezalakoak direlako, baina berrogei urte geroago hau martxan dela, behintzat, esan dezaket».
Ekain Fundazioak atzo egin zuen bileran eta ondorengo prentsaurrekoan, Altunak eta Gonzalez de Txabarrik ez ezik, Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak eta Gorka Unanue Zestoako alkateak ere hartu zuten parte.
Praileaitz ere hizpide izan zen atzoko prentsaurrekoan, GARAk egindako galdera baten haritik. «Babes dekretua -esan zuen Azkarate sailburuak- hain zuzen ere behar bezala egin ahal izateko, txosten tekniko gehiago eskatu dizkiegu horretan nor direnei, hau da, Industria Saileko teknikariei. Leherketen eragina zenbatekoa izan daitekeen horiek esan behar dute, eta, horren arabera, Ondarekoek aztertu beharko dute eragin hori onargarria den ala ez. Txosten horiek guztiak, esan zidatenez, aste honetan, gaur, izan behar genituzke».
Herenegungo leherketari buruz, zera esan zuen: «Ez dakit justu zer gertatu zen, baina leherketak izateak eta bidea mozteak ez du esan nahi kalterik dagoenik leizezuloan. Leherketa horien eragina zein aldetara doan kontrolatuta daukagu eta ez da egia harrobikoek `ez dakit zenbat hilabete' daramatela leherketak inolako kontrolik gabe egiten. Garbi esanda: kanpaina bat montatu nahi baldin bada harrobia ixteko, esan dezatela, baina ez nahastu gauzak. Ondarearen babesaren ardura lehena hemen gauden bi erakundeona da (Lakuarena eta Diputazioarena, alegia) eta horretan ez dugu amore emango».
Azkaratek aipatutako «kanpaina»ren ardurak Xabier Peñalver Praileaitzeko indusketa arkeologikoaren zuzendariarengan eta Xabi Otero argazkilari eta Praileaitzen Lagunak elkarteko kidearengan pertsonifikatu zituen Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik. «Pañalver jaunak eta Otero jaunak famoso egin nahi baldin badute, aukera ederra daukate famoso egiteko arkeologo ona eta fotografo bikaina izanez, eta, izan, seguruenik izango dira. Zentzurik ez daukana da zalaparta sortzen ibiltzea fundamenturik gabe». Txabarriren iritziz, erakundeek «fundamentu eta kultur kezka» erakutsi dituzte, eta beste aldean, berriz, «zalaparta gogoa» baino ez du ikusten. «Kanpaina hori zergatik sortu duten esplikatu beharko diote euskal gizarteari, zeren eta, gauzak aztertuta, garbi gelditzen baita zeinek daukan fundamentua eta zein dabilen kea saldu nahian».
Aldundiak Praileaitzeko «mezenas» izan dela adierazi zuen ahaldun nagusiak. «Hori aitortu behar diote batez ere indusketa horietatik bizi direnek; aitor bekio, batez ere kobratu duenak. Peñalver jaunak, Otero jaunak, nork ordaindu dizkio, bada, indusketak, nork argitaratu dizkio argazkiak. Izan gaitezen serioak, periodistak ere bai, portzierto», bukatu zuen.
M.A.