GARA > Idatzia > Kultura

Yourcenarren «Erremateko tiroa», «zorroztasun psikologiko handiko nobela», euskaratu dute

Kristina MARTÍN | DONOSTIA

Marguerite Yourcenar Belgikan jaiotako idazlearen «Erremateko tiroa» («Le coup de grâce») liburua euskaratu du Josu Zabaletak, Alberdania argitaletxearen eskutik.

Eleberria 1939an idatzi zuen Yourcenarrek, «2. Mundu Gerraren atarian, giro nahasian», gogorarazi zuen Inazio Mujika Alberdaniako ordezkariak. «Harremanetan dagoen botereari buruz ari zaigu eta zorroztasun psikologiko ikaragarriz kontatzen du», erantsi zuen.

Istorioan hiru pertsonaia nagusi daude: istorioa kontatzen duena eta neba-arreba batzuk. Hiruren arteko harremana estua bezain liskartsua da. «Protagonista homosexuala da eta bere burua erruki gabe aztertzen du. Azterketa horretan bere buruari gezurrak kontatzen dizkio eta besteek ere gezurrak kontatzen dituzte. Egoera horretatik ezinbestean tragedia sortzen du», adierazi zuen Zabaletak.

Zer gai lantzen duen eta idazkera trinkoa dela kontuan hartuta, «oso geldiro» irakurtzeko modukoa da, esan zuen Josu Zabaletak. Dena dela, berezitasun horrek «nobela interesgarri eta eredugarri bihurtu zuen niretzako». Azken hogei urtetako Euskal Herriko historiari begiratuta, «Erremateko tiroa» ulertzea ez zaigula zail izango iritzi zion Zabaletak.

«Hoztasun handiko kontakizuna da, baina inor ez du hotz utziko. Horregatik da zirraragarria», gaineratu zuen Mujikak.

Marguerite Yourcenar (Brusela 1903-AEB 1987) Estatu frantseseko Akademiako lehen emakumea izan zen eta bere obra literarioa oso zabal eta garrantzitsua da. «Erremateko tiroa»z gain, Yourcenarren «Hadrianoren oroitzapenak» (1951), «Alexis» (1929) eta «Ekialdeko kontakizunak» (1938) ere euskaraz irakur daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo