EAEko Liburutegien Legea udazkenean bozkatzeko prest dago
Kristina MARTÍN | DONOSTIA
Euskadiko Liburutegien Legeak beste aurrerapauso bat eman du. Lege egitasmo hori eztabaidatzen ari den Gasteizko Legebiltzarrak ponentziaren «testua adostu eta talde parlamentario guztien iritziak entzun ostean, zuzenketa gehienak onartu ditu», Lakuako Kultura Sailak atzo jakinarazi zuenez.
Lakuako hirukoaren babesaz gain (EAJ, EA eta EB), PSEren, PPren, Ezker Abertzalea taldearen eta Aralarren zuzenketak ere jaso ditu ponentziak. Lan hori eginda, Legebiltzarrak udazkeneko osoko bilkuran eztabaidatu egingo du, eta onartu ala ez erabaki beharko du.
Bilkura horretan ponentziak aztertu barik utzitako zuzenketak ere bozkatu beharko ditu, gainera.
Lege egitasmo horrekin liburutegien alorreko ordenamendu juridikoa eguneratu eta osatu nahi dutela argitzen du Saileko prentsa oharrak. Egitasmoak Lakuak eskuartean duen Kulturaren Euskal Planak aurreikusten dituen beharrak betetzeko asmoa du.
Egun arlo horri buruz indarrean dagoen araudia 1990eko uztailean onartutako Euskal Kulturaren Ondarearen Legea da. Horrek liburutegiak eta euskal bibliografiaren ondarea arautzeko eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala osatzeko oinarriak ipini zituen.
Udazkenean Gasteizko Legebiltzarrean bozkatzekoa den legeak 1990koa garatzeko asmoa duela dio Kultura Saileko prentsa oharrak. «Gaur egun, pilatutako esperientzia eta sektore honetako beharren azterketa kontuan hartuta, komenigarri ikusi dugu berariazko araua sortzea Euskadiko egungo liburutegien sistema osotasunean berraztertzeko eta sistema horretan Europako esparruan berriki egin diren ekarpen teknikoak sartzeko», azaldu zuten.
Horretaz gain, Liburutegi Nazional horren helburuak ezarri ditu egitasmoak: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako bibliografia eta euskararen eremuarekin lotutako produkzioa biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea.
Irakurketa Sare Publikoa
Halaber, euskal bibliografi ondarea eskuratzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko beste erakunde batzuekin batera egiten den lana koordinatuko du. Formatu berrietan sortutako ekoizpenaren gordailua ere izateko asmoa du sortu nahi duten Liburutegi Nazional horrek.
Horrekin batera, Irakurketa Sare Publikoa ere eratu nahi dute. Horren bidez, tokiko administrazioen menpeko liburutegi sareak batuko lirateke. Irakurleei eskaintza ahalik eta zabalena emateko, foru aldundien eta Estatu espainoleko liburutegi publikoei zein pribatuei ere sare horretan sartzeko aukera emango liekete.
Legea onartuko balitz, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratuko litzateke. Erakunde horren betekizunen artean, EAEko Irakurketa Publikoko Mapa egitea legoke.