Hendaiako hondakinak Hondarribiko araztegian tratatu nahi dituzte
Aurrera eramaten ari diren egitasmo eta akordioek espero den bukaera izaten badute Hendaiako ur zikinak eta zaramak Gipuzkoan tratatuko dira. Ur zikinei dagokionez, Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak Txingudiko Partzuergoarekin akordioa sinatuko du ur zikinak Hondarribian tratatu daitezen. Txingudiko Mankomunitateak bere errauste planta ez egitea erabaki eta gero, badirudi Hendaia Gipuzkoako proiektuaren barne izanen dela.
GARA |
Biriatu, Pausu (Urruña) eta Hendaiako ur zikinak tratatzen dituen azken hiri honetako bi araztegietako bat zaharkitua gelditu da. Araztegia berritu beharrean planta kudeatzen duen Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak Txingudiko Partzuergoarekin akordioa sinatzea erabaki du. Itxura guztien arabera, laster sinatuko da hitzarmena eta horren bidez lehen Hendaiako Joncaux auzoan tratatzen ziren ur zikinak Hondarribiko araztegian tratatuko dira.
100.000 biztanleren ur zikinak tratatzeko prestatua dagoen Hondarribiko araztegiak egun herri honetako eta Irungo 70.000 pertsonen hondakin likidoak eraldatzen ditu. Akordioak aurrera egiten badu, hiru herrietako 20.000 biztanleren hondakin likidoak gehituko zaizkio. Herri Elkargoak Joncauxen araztegi berria egitea edo ur zikinak Hendaiako hondartzan dagoen beste zentrora igortzea baino egokiagotzat jo du akordio hau.
Errauztegirik ez Txingudin
Hendaia Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoaren barnean egon arren, lehenagotik Txingudiko Partzuergoak kudeatzen ditu kostako hiriko zaramak. Hiru hiriak barnean hartzen dituen Partzuergoak Txingudiko bailaran errausketa planta egitea erabaki zuen hondakinak tratatzeko. Baina azkenean Irun eta Hondarribia barne dituen Mankomunitateak Gipuzkoako plan orokorraren barnean sartzea erabaki zuen Foru Aldundiak egin presioen ondoren.
Egitasmoa oraindik onartua baldin ez badago ere, herrialde osorako errausketa planta bakar bat egitea aurreikusten du eta Zubieta proposatu dute kokagunetzat. Txingudiko Mankomunitateak bere errausketa planta egiteko egitasmoa alde batera utzi du, nahiz eta erabaki ofiziala hartzeko egon. Erakundeak uztailaren hasieran egindo duen batzar orokorrean hartuko du erabakia.
Irungo Gaintxurizketa auzoan eraiki behar zen errauste plantaren egitasmoan Hendaiako Udala hasieratik sartu zen. Hala, badirudi Gipuzkoako planta bakarrerako egitasmoaren barnean ere sartuko dela.
Zubietako errauste plantaren proiektua garatzeko duela hiru aste sortu zen Mankomunitateak printzipioz ez du Hendaia barnean hartzeko arazorik ezarri. Hala ere, Hondarribiko aireportuaren afera azaleratu da. Izan ere, Hendaiako Udala aireportuan diren gehiegizko hegaldiak kentzeko tramiteak egiten ari da Europako erakundeen aurrean.
Gipuzkoako erraustegi bakarra egiteko sortu berri den mankomunitateak printzipioz ez du arazorik Hendaiako zaramak ere tratatzeko, baina Lapurdiko hiriak Hondarribiko aireportuarekiko duen jarrera arazo izan daiteke.
Hendaiako Joncaux auzoan dagoen araztegia zaharkitua gelditu da. Berritu beharrean, Biriatu, Pausu eta Hendaiako ur zikinak Hondarribiko araztegian tratatzeko akordioa sinatuko da laster.