GARA > Idatzia > Eibar

Kanporaketa

Eibar, Bigarren mailara berriz itzultzeko azken-aurreko urratsaren bila

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Bederatzi hilabetetan eibartarrak zain egon diren unea heldu da. Dena ondo badoa, umeak igoera izango du izena. «Zaila, baina posible», Jaime Barriusok onartzen duen bezalaxe.

Azken-aurreko urratsa Teresa Rivero zelaian eman beharko dute gaur, 21.00etatik aurrera. Aurrean, Lehen eta Bigarren mailak ederki ezagutzen dituen Rayo Vallecano indartsua. «Indartsua da, bai, eta kalitatea duten jokalari esperientziadunekin, baina gure maila berberan egon da denboraldi honetan -gogorarazi zuen Javier Mandiolak-. Eta jokaldi batzuetan banakako kalitateak zeresan handia izan badezake ere, gauza bat argi daukat, talde bezala, gu hobeak garela». Manixen ustetan, gainera, «momenturik onenean gaude. Eta talde moduan jokatzen badugu, dakigun moduan aritzen bagara, kanporaketa Ipuruan erabakiko dugu datorren astean».

Horixe da gorri-urdinen lehen helburua: «kanporaketa % 50ean badago ere, bigarren partida etxean jokatzeak nolabaiteko abantaila eskaintzen digu».

Zalantzak eta hutsuneak

Manixek 19 jokalarirekin bidaiatu zuen atzo Madrilera -zaleen karabanaren txanda gaur helduko da-. Batetik, entrenatzaileak azken partidan min hartu zuten jokalarien (Eneko Romo eta Jon Urzelai) zalantzak kontuan hartu ditu eta, bestetik, hiru atezainak sartu zituen zerrendan, «badaezpada».

Alaña egongo dela dugu Manixek hasierako hamaikakoari eskaini duen pista bakarra, baina aste osoan egindako entsaioei begira, badirudi honako hau izan daitekela: Zigor; Manel, Fagoaga, Gurrutxaga, Etxabe; Alaña; Lombraña, Altuna; Codina, Asensio edo Romo; eta Iñigo. Trevi, Pascal, Urzelai, Etxaniz, Ruben García, Eizagirre eta Rebollo deialdian daude.

Rayori dagokionez, Pepe Melek hiru hutsune garrantzitsu dauzka: Mauri, Piti (minduta) eta Llorens (zigortuta).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo