GARA > Idatzia > Kultura

«Kulturaren popularizazioan ez dut sinesten; publikoak hezia behar du izan»

IBON ARANBERRI

ARTISTA

Ibon Aranberri Kasselen dago egunotan, agenda estuarekin. Asteazkenean Documenta 12rako hautatutako artisten aurkezpenean izan zen, ostegunean prentsarekin banakako harreran eta atzo profesionalen lehen bisitaldia jaso zuen. Gaur irekiko diote jendeari erakusketa erraldoia.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Seiehun eta berrogeita hamar mila lagun erakarri nahi dituzte antolatzaileek Kassel hirira Documenta 12ren aitzakiaz. Zenbaki hori dela edo beste bat, seguru dena da bisitariek Andreas Siekmannen karrusel erraldoiarekin egingo dutela topo. Fridericianum Museoaren aurreko plazan kokatu du politika, globalizazioa, errepresio poliziala eta errefuxiatuei buruzko bere metafora. Harun Farocki txekiarraren instalazioa aurtengo ekitaldiaren erreklamoetako bat da eta Ai Wei Wei txinatarra da beste protagonistetako bat, 1.001 erkide «esperientzia artistiko» bilakatu ditu-eta. Guztira, 113 artista eta 500 lan hautatu dituzte Roger M. Buergel zuzendariak eta Ruth Noack komisarioak, horien artean Ibon Aranberri gipuzkoarrarenak (Itziar, 1969).

Ikusle bezala egona zinen aurretik Documentan. Protagonistetako bat zaren aldetik, zein da azokaren lehen ordu hauetan izan duzun inpresioa?

Orain arte lanpetuta egon naiz neure aurkezpenarekin, nire lanarekin borrokan eta kanpotik ikusteko aukerarik ez dut izan. Egia da bisitarien kopurua hazten hasi den heinean aldaketa sumatu dudala, orain arteko erlazioa intimoa izan delako, bai lanarekin bai Documentaren egiturarekin edo zuzendaritzarekin. Ni aurretik Documentaren hiru ediziotara etorri izan naiz, baina momentu bakoitzean nire statusa desberdina izan da: ikasle bezala etorri naiz, artista bezala...

Aurkezten dituzun lanekin luzez eta bakarka jardun ondoren, zer sentitu duzu horiek erakuslehioan ikustean?

Bai, egia da denbora luzea daramadala lan hauekin; haiekin oso ziur sentitzen naiz, denbora eta modua izan dudalako horiek neureganatzeko eta identifikazioa eraikita dago. Beste gauza bat da zure subjetibitate hori ikuslearengan nola trasladatzen den. Kontuan hartu behar da jendea pasatzen dela gure lanen aurretik erosketak egitera bezala. Zaila da hitz egitea publiko orokor bati buruz, publiko mota asko daudelako eta hemen bisita masiboa dagoelako. Neronek ez dut orokortasun hori bilatzen, denentzako balio dezakeen lan bat, baizik eta konplizidade bat zabaltzea eta nire lanarekin konektatu dezakeen publikoarekin pixka bat lotura sortzea. Nik ez dut kulturaren populizazioan sinisten, publikoak hezia behar du izan eta lehendik obrarekiko iritzi edo begirada kritikoa eduki behar du. Elitista-edo kontsidera daiteke, baina kontuan hartu behar dugu dena ez dagoela publikoari begira eginda eta nire kasuan, neure lanaren intentzioa da niretzako lehendabizikoa.

Kasseleko bilera erraldoi horretan arrotz sentituko zara orduan?

Aspaldidanik etorri naiz erakusketa handietan parte hartzera. Formato hori ez da berria niretzat eta badakit zeintzuk diren aukerak eta mugak. Documentarekiko entusiasmo hori, kanpotik ikus daitekeena, artistok, agian, ez dugu modu berean bizi, baditugulako beste espektatiba batzuk.

Zein ekarpen egin diezazuke Documentak?

Bada erakusketa bat non artista ondo tratatzen den eta non artista babestuta sentitzen den. Documentan artistok gure terrenoan jokatzen dugu, arte mundutik sortutako egitura bat delako, ez da politika kulturalek asmatutako jaialdi bat. Nahiz eta Alemanian egon, niretzat etxean jokatzea bezalakoa da, artisten eremuan, geuk manejatzen ditugun kodigo eta helburuekin. Alde horretatik ez naiz arrotz sentitzen. Komunikabideek saltzen dute Documenta Olimpiada bat bezalakoa da eta hau ez da lehiaketa bat baizik lanaren bitartez sortzen den koreografia orokor bat. Mediatikoki gehiago nabarmentzen dira izenak lanak baino.

Documenta barruan orain arte ikusi duzunetik zer nabarmenduko zenuke?

Oraindik, parte txiki bat ikusi dut. Lehendik ezagutzen eta miresten nituen zenbait artisten lana da gehien erakarri nauena. Kontinenteetako jendea dator baina baita belaunaldi desberdinetakoak. Horien artean badaude batzuk beste garai batekoak, hil osteko lanak ikus daitezke, 70eko hamarkadan lan egin zuten artistak eta gaur egun beteranoak direnak. Gurutzaketa hori oso interesgarria iruditzen da. Polita da niretzako eredu izan diren artisten alboan egotea. Gainera, hemen ez da katxeari loturiko ierarkiarik ematen, parekotasuna dago eta hori ere nabarmendu egingo nuke.

Roger Buergelekin zure harremana lehendik dator, ezta?

Niretzat abantaila bat izan da lehendik elkarrekin lan egin izana; bestela halako gonbidapen baten ondorioz, segun eta bakoitzari nolako efektua sortzen dion, gauzak bere onetik atera daitezke. Berarekin aurretik lan egin izana lagungarri izan zait normaltasunez parte hartzeko.

Bi lan aurkezten dituzu. Badute beraien artean loturarik?

Ez dago konexio zuzenik, baina bada denboran eta hainbat lekutan eman daitekeen lotura mota bat. Alde batetik, argazki serie bat aurkezten dut. Ez dira neuk egindako argazkiak, enkarguz egindakoak dira. Iberiar penintsulako azpiegitura hidraulikoak islatzen dituzte. Ez dira bakarrik lekuari lotutako isladak; leku horiek nola irudikatu daitezkeen eta irudikapen horrek zein hizkuntza erabiltzen duen interesatu zait. Azpiegitura erraldoiak dira, batzuk abandonatuak, 30eko hamarkadatik 70ko hamarkadara eraikitakoak. Lauzpabost industria argazkilarirekin kolaboratu dut. Oso gustukoa dut lan modu hori: beste jende bat inkorporatzea eta teknika eta irudikapen desberdinak. Beste proposamena berriagoa da, bukatu gabe dago eta lehen aldiz erakusten dut. 16 milimetrotako zinema proiekzioa da. Mendiko zinema genero bezala ulertuz, Europako historian izan duen garapenari beha jarri naiz aspaldi. Erakutsi nahi dudana ez da mendian egiten den praktikari buruzko lana, baizik eta praktika hori materialki islatzeko erabiltzen diren teknika eta narratibak. Ez dut pieza bezala aurkezten, baizik laneko material gisa. Naturarekin harremana duten ikuspegiak dira Documentara ekarri ditudan bi lanak.

Funtsean ikuspegi ekologista bat dago?

Etikoki, noski, badut iritzi bat horretaz. Hala ere, gehiago saiatu naiz kodigoak xehatzen, desmuntatzen eta modu gordinean aztertzen. Guk natura ikusteko dugun modu erromantikoa XIX. mendeko pintoreengandik jaso dugu. Askotan, Nafarroara goaz, Pirinioetara eta argazki kamararekin ateratzen duguna berez, modu espontaneoz sortu dela iruditzen zaigu baina, azken batean, naturari buruzko gure ikuspegi hori eraikuntza mental baten ondorioa da, geuk baditugulako buruan eskema batzuk txertatuta. Irudikapen mental hori interesatzen zait. Documentara ekarri ditudan proiektuak hausnarketako lanak dira. Dena den, ez doaz emaitza baten bila, nik ez dut tesi bat egin nahi izan.

 

ETXEAN BEZALA

«Nahiz eta Alemanian egon, niretzat etxean jokatzea bezalakoa da Documentan egotea, artisten eremua delako hau, geuk manejatzen ditugun kodigo eta helburuekin»

Konplizidadea

«Neronek ez dut denentzat balio dezakeen lan bat bilatzen, baizik eta konplizidadea zabaldu eta nire lanarekin konektatu dezakeen publikoarekin lotura sortzea»

Natura

«Lauzpabost argazkilarirekin kolaboratu dut. Gustukoa dut nire lanean beste jende bat batzea, teknika eta irudikapen desberdinak»

«Documenta entziklopedia ireki eta zabal baten modukoa da»
Adria

Documentan oso ildo desberdinak daudela aipatu duzu. Zergatik sortu da hainbesteko polemika Ferran Adria sukaldariaren presentziarekin?

Medioek sortu dute polemika. Hemen, Documenta barnean, inolako arazorik ez da egon.

Beraz, normaltasun osoz hartu da berak parte hartzea.

Jendeak gai honi buruzko iritzia eduki dezake, baita kritikoa ere, baina inork ez dio legitimitaterik ukatzen. Beste gauza bat da bere lana interesgarri iruditzen zaizun edo ez. Gertatu dena da bera figura mediatikoa dela eta medioek bere onetik atera dute dena. Adriaren presentziari buruzko debatea artifiziala da, artearen mugak, historian zehar, malguak izan dira eta beti izan dira harreman puntual horiek inguruko alorrekin.

Artelekuko «Zehar» aldizkaria ere Kasselen da. Bere ekarpenaz zer deritzozu?

Documenta ez da soilik erakusketa bat. Documenta 12 Magazines poiektua ildo kontzeptualari lotuta dago. Interesgarri suerta daitezkeen aldizkari, editorial eta publikazioen zerrenda bat egin dute, geografia eta momentu historiko desberdinak jasota. Artearen bitartez halako lan politiko bat egin duten argitarapenak hartu dituzte kontuan eta sare moduko bat osatu dute. Documenta bertatik aldizkari bat sortu beharrean, aldizkarien sare hori erabili dute eta bakoitzak bere ekarpena egin du planteatu diren hiru ardatz kontzeptualen inguruan: batzuek ale berezia egin dute Documenta 12ren inguruan, eta beste batzuek aurretik zituzten lanak berargitaratu dituzte. «Zehar»ek bere azkenengo alea erabili du Documentari buruz aritzeko.

Jorge Oteizaren eskulturak ere badira.

Oteizaren lanak beste eremu batean daude, nireengandik urruti. Azken finean, Documenta entziklopedia ireki eta zabal baten modukoa da. Ez da artista errepresentatzen, lan egiteko moduak eta ildoak interesatzen zaizkigu eta lanen artean sor daitezkeen norabide eta harremanak. Documenta barnean ikus ditzakegu beste garai batean egindako obrak eta ikus ditzakegu ez eredu bezala baizik eta ispilu modura. Jorge Oteizaren kasua norabide horretan dago. Ez da Jorge Oteiza aurkeztea baizik eta bere obraren bitartez halako begirada edo ikuspegi batzuk argitzea edo artearen ahalmenak zein ezintasunak. Berararentzat ere eskultura proposito esperimental bat zen eta ez helburu bat praktika batzuk garatzeko.

Alemanian dexente jardun zara azkenaldian. Han jarraituko duzu Documenta amaitu eta gero ere?

Joan-etorrian ibiltzen naiz. Egia da, Berlinen gero eta denbora gehiago ematen dudala, baina nire laneko egitura Euskal Herrian dut. Hala ere, ez zait erraza egiten nire lana Euskal Herrian garatzea, sortzea bai baina ez zait hain erraza egiten proiektuak bideratzea. Askotan egoera kasualak besterik ez dira eta nik urte batzuk daramatzat kanpoan. Documentako nire presentzia nolabait kanpotik egin dudan bide horretatik etorri da.

Izaskun LABEAGA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo