GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Karmen Irizar eta Iker Martinez de Lagos Topaguneko Zuzendaritza Batzordeko kideak

(Bizi) Esperientzia aberatsa

Urte hauetan eragin ere eragin dugu, eta euskara elkarteak sendotu egin dira, eta euskara karga ekonomikorik eta sozialik gabe, aberastasun iturri, lanpostu sortzaile eta komunitatearen lotura sendoa dela erakutsi dugu

Topaguneak 10 urte bete dituen honetan eta euskara elkarteen mugimenduak 25 urte betetzear dituen garai honetan, atzera eta aurrera begiratzeko aitzakia izan dugu Topagunean gabiltzanok.

Atzera begiratzean, batez ere duela 25 urte euskara elkarteen mugimendua irudikatzeko, antolatzeko eta abiarazteko sena, bisioa, jakintza eta ausardia izan zuten gizon-emakumeekiko miresmena datorkigu gogora. Hogeita bost urte geroago guztiz presente ditugun erronkak aurreikusteko gai izan ziren lagun hauek.

-Euskararen normalkuntza ingurune hurbilenetik hasten zela aurreikusi zuten.

-Hizkuntzaren berreskurapenaren protagonista nagusiak euskaldunak izan behar dugula asmatu zuten. Horretarako gune erreferentzialak sortzeari berebiziko garrantzia eman zitzaion eta euskara elkarteek hartu zuten funtzio hori.

-Euskaldunontzako bilguneak sortzeko tresna egokiak aurreikusi zituzten: ideologia, pentsaera, adin eta bestelako bereizgarrien gainetik euskal- dunon bilgune izango ziren elkarteak.

-Hizkuntzaren erabilerari ere zentraltasuna ematen asmatu zuten, erabileraren garrantziaren kontzientzia existitu ere egiten ez zen garaian.

-Erreferentzia izango zen gizarte mugimendua nahi bazen, autonomoa izan behar zuela ikusi zuten.

-Gizarte mugimendua euskararen normalizazioaren gurditik tiraka jarri zuten eta atzetik ekarri zituzten administrazioa eta enpresak.

Helburua bazuten, baita martxan jartzeko oinarri teorikoa ere, eta tresna egokia sortzen jakin zuten.

Ondoren etorri zen euskara elkarteak bilduko zituen erakundea sortzeko unea. Geroz eta talde gehiago zegoen herrietan, bakoitza bere aldetik lanean. Guztiak elkarrekin arituta indar handiagoz lan egin zitekeela-eta bilera, gutun trukaketa eta lan ordu askoren ondoren sortu zuten Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioa. Oso modu xumean hasi zen erakundea etengabe hazten joan da hamar urte hauetan eta lan handia izan da euskara elkartetako bazkide guztiak biltzea, haiek harremanetan jartzea, proiektuak bideratzea, azpiegitura sendotzea eta lan talde finkoa osatzea. Hamar urteren buruan lan hori egintzat, edo bideratutzat, behintzat, jotzen dugu. Urte hauetan lan egin dugu, baina eragin ere eragin dugu, eta euskararentzako esparruak irabazten joan garen heinean, euskara elkarteak sendotu egin dira, euskara elkarteen funtzioa gizarteratu da eta euskara, karga ekonomikorik eta sozialik gabe, aberastasun iturri, lanpostu sortzaile eta komunitatearen lotura sendoa dela erakutsi dugu.

Egiteaz eta eragiteaz gain, ikasi ere gauza asko ikasi dugu, eta lehen oharkabean hanka egiten ziguten hamaika xehetasun ulertzeko era izan dugu.

-Euskara elkarteek badugula lanerako estilo propioa, jarrera eraikitzailea dugula oinarri.

-Aniztasunak aberastu duela euskara elkarteen mugimendua, pertsona, ideia, errealitate eta bizipen aniztasunak.

-Hainbat euskal hiztun mota daudela: euskaraz bizi nahi eta hala egin dezaketen neurrian euskaraz bizi direnak daude, baita euskaraz jakin arren eta inguruak lagunduta ere, erdaraz bizi direnak, besteak beste.

-Euskaraz zein erdararen batean aritzeko motibazio desberdinak daudela: lan kontuengatik behartuta, ingurunea euskalduna edo erdalduna delako, hizkuntza batean bestean baino hobeto moldatzeagatik, unean-unean egoerak bat edo beste eskatzen duelako... Motibazio horiei erantzuteko sortu ziren aisialdiko eskaintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika egitasmoak eta beste.

-Desadostasun ideologiko-politiko eta desberdintasun ekonomikoez harago euskarak eta euskaraz bizi nahi izateak komunitate berean biltzen gaituela. Muga politikoek ezin diotela mugarik jarri hizkuntza komunitateari, eta oraindik egon badagoela euskaldunon artean lotura ikusezin bat, talde bereko sentitzeko zer bat.

-Euskarak esanahi desberdina izan dezakeela: eskubidea izan daiteke edo konpromisoa eskatzen duen zerbait, lanerako nahitaez behar den titulua edo norbera munduan egoteko modua, bizipenekin lotzen dugun hizkuntza, gutako bakoitzaren identitatea finkatzen duena eta identitate bereko pertsonak komunitate linguistiko eta kultural berean biltzen dituena.

Gure kasuan euskara eskubidea dela irizten diogu, baita konpromisoa eta militantzia ere, baina, batez ere, identitatea eta izaera ematen digun zerbait dela esan nahi dugu, lanerako, bizitzeko, gozatzeko eta izateko dugun modua. Jon Sarasuak esan zuen moduan, «...suerte bat izan dut nik nire garaian, gonbidatu nautela euskararen jaian».

Topagunean gabiltzanok horretan asmatu nahi genuke aurrerantzean, jendea euskaldun bizi garenongana erakartzen, euskara aberastasun eta gozamen iturri izan daitekeela adierazten, gure identitatea konplexurik gabe aldarrikatzen, eus- karak lotzen duen hizkuntz eta kultur komunitatea trinkotzen eta, batez ere, gure ondoan, inguru berean bizi diren beste hizkuntza komunitateetako kideei, berea utzi gabe, euskaraz bizitzen eta sortzen has daitezen motiboak ematen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo