eskalada Etorkizuneko eskalatzaileak
Rock Junior Haur eskalatzaileen festa erraldoia
Hemezortzi herrialde ezberdinetako 500 haur bildu ditu Arcon (Italia) egiten den eskalada jaialdiak. Bi eguneko ekitaldi honek sei edizio bete ditu, eta aurten egitarau zabal eta betea izan du.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Arcoko Climbing Stadium eskalada murruak, mundu zabalean hain entzutetsua den egitura artifizialak, nagusien lehia ahaztu eta haurrei eman die protagonismo osoa. Horrela bada, Arcoko Rock Masterrak izena aldatu eta bi egunez Rock Junior izena hartu du. Nahiz eta Euskal Herrian erabat ezezaguna den, Europa mailan antolatzen den haur eskalatzaileen jaialdi nagusiak sei ekitaldi bete ditu dagoeneko. Ohi den legez, bi eguneko egitarau zabala izan du, eta aurten ekainaren 8 eta 9ari egokitu zaie.
Ekitaldia berriro ere erabat arrakastatsua izan da; izan ere, 18 herrialde ezberdinetako (ia guztiak Europakoak) 500 haur bildu ditu. Eta ikusleak ere ez dira atzean geratu, batez ere lehiaketak ikusten 1.500 lagun izan baitira. Baina, arestian aipatu dugun legez, dena ez da lehia izan; ezta gutxiagorik ere. Beste behin, Rock Junior festak ekitaldi oparoa aurkeztu du.
Elkartutako haur guztiak ondo baino hobeto pasatzea du helburu eta, jakina, hori lortu ahal izateko, jolasak dira garrantzitsuenak. Maila eta izaera guztietako jolasak: tirolinak, eskalada ikastaroak arrokan, eskalada murru puzgarriak... Eta haurrak direnez, antolatzaileek kolorez betetako elastikoa eman zioten parte-hartzaile banari. Zorionez, eguraldi eguzkitsuak alaitu zuen haur eskalatzaileen festa. Ekimen nagusien artean bi ziren indar gehien bildu zutenak. Batetik, Climbing Campus edo eskalada ikastaroa. Xede horrek 150 haur jaso zituen, eta ordu batzuetan arrokan eskalatzeko aukera izan zuten. Bestea, azkeneko egunean eginiko lehiaketak. Bi txapelketa izan ziren. Lehenbizikoa 5 eta 13 urte bitartekoena eta bestea Family Rock izenekoa. Azken honetan haur batek eta haren guraso batek hartu zuten parte elkarrekin.
Lehia koloretsuak
Bostehun haur, bai 500, hurbildu ziren Climbing Stadium eskalada murruan egindako hitzordura. Grina, alaitasuna eta egitura ikusgarria. Munduan zehar ez da izaera horretako lehia inoiz eratu; soilik Italiako Arco herrian. 0 herrialde ezberdinetako haurrak, ia gehienak europarrak, baina «hizkuntza» bakar bat erabil zutenak: eskalada. Eskalada eta lehia, baina gozatuz. Bai, lehiak bere garrantzia du, baina, nagusien aldean, ez du benetako garrantzia. Helburua ez da edozein modutara irabaztea, baizik eta ahal den urrunen igotzea.
Jakina, irabazleak ez dira oraindik ezagunak, baina, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioko lehendakari den Marco Scolaris-ek adierazi zuen bezala, ziur aski etorkizunean, hemendik urte batzuetara, parte-hartzaile batzuen izenak han eta hemen entzungo dira: «Etorkizuneko eskalatzaileak direla esan dezaket. Oso ekitaldi ederra izan da, eta, urteen poderioz, Rock Junior eskalada munduko festa bihurtu da. Arco kirol honen sinboloa da, eta Rock Junior bultzatu beharreko ekimena. Horrela bada, izaera horretako jai bati ezin diogu muzin egin. Batetik, bere dimentsioarengatik; bestetik, kirol eskaladari ematen dion laguntza eta babesarengatik; eta azkenik, haur hauen formazioa bultzatzegatik. Gainera, antolatzaileek erabat biribiltzen dute jaialdi hau; gai honetan abangoardia dira».
Eta azken eite horri dagokionez, inolako zalantzarik gabe, Rock Junior ekitaldiaren antolatzaileek asmatu egin zuten. Erronka handia zen, eta oso ongi kudeatu zuten. Festak ez zuen batere aitzakiarik izan, eta haurren segurtasuna egun guztian bermatua egon zen. Egun bizia, are biziagoa Under Cup izeneko txapelketa martxan jarri zenean. Ikusleen artean zen Flavio Crespi, duela bi urteko Munduko Kopako irabazle italiarra: «Nahiz eta ekipatzaileek lan zailak jarri dizkieten, ikusi dut haurren maila oso ona izan dela. Oso lehia ikusgarriak eta biziak izan dira; nik, bederen, flipa egin dut».
Hiru maila antolatu zituzten. A mailan (94/95 urteetan jaiotakoak) Katharina Posch eta Patrick Heisinger austriarrek irabazi zuten. B mailan (96/97) Magdalena Poll austriarra eta Martin Bergant esloveniarra gailendu ziren. Eta, azkenik, C mailan (98/99/2000) Ilaria Scolaris italiarra eta Ram Lavin israeldarra nagusitu ziren.
Eta egunari amaiera emateko, Family Rock txapelketa jokatu zen. Rock Junior ekitaldiaren buru den Angelo Senecik esan duenez, lehia hori festaren sinboloa da. Izan ere, paretan gora eskalatzen haur batek eta haren guraso batek jarduten baitute.