GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Euskal herritarrak Munduko Kopan

Goi mailako emaitzak Zurichen

Irati Anda, lehenengo aldiz, Munduko Kopako final batean sartu da eta Suitzako proban zazpigarren geratu da. Patxi Usobiagak, berriz, garrantzi handiko bigarren postua erdietsi du. Bi euskal eskalatzaile Munduko Kopako finalean izan diren lehenengo aldia da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Inolako zalantzarik gabe, pasa den 15 eta 16an Zurichen (Suitza) jokatu den Eskaladako Munduko Kopako bigarren proba ia biribila izan da euskal eskalatzaileentzat. Jakin badakizuenez, nazioarteko zirkuitu ofizialean bi euskal ordezkari dira: Irati Anda eta Patxi Usobiaga. Biek ala biek Zurichen lortutakoa ez da txantxetakoa. Biak ala biak finalean izan ziren, eta hori, euskal ordezkariei dagokienez, gertatzen den lehenengo aldia. Bai, hemengo bi eskalatzaile Munduko Kopako finalean. Usobiagaren kasuan, jakina, hori nahikoa normala da; Andaren kasuan, aldiz, lehenengo aldiz sartu da hain tira handiko final batean.

Garrantzi handiko lorpena da gasteiztarrarena, besteak beste, IFSC edo Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak atondutako egutegian lehenengo aldiz era iraunkorrean hartu duelako parte. Burua finalisten artean sartzea gauza handia da, eta Andak dagoeneko lortu du. Urtea hasi zenetik, orri hauetan behin eta berriz aipatu izan dugu Gasteizko eskalatzailea oso sasoiko dagoela eta oso denbora gutxian garrantzi handiko urratsak egin dituela. Zurichen sinatu du azkena, finalera pasa eta zazpigarren sailkatzea. Bulderko Munduko Kopan jardun duten euskal eskalatzaile batzuk izan dira final bakan batzuetan; zailtasunekoetan, aldiz, Josune Bereziartu izan dugu hori lortu duen bakarra (eta oso gutxitan lortu ere). Orain, berriz, arabarra gehitu zaio eta, bere bilakaera ikusita, oso etorkizun interesgarria aurreikusten diogu.

Usobiagak, berriz, bigarren podiuma poltsikoratu du. Bi proba, bi podium: lehenengo proban hirugarren izan zen, eta Zurichekoan bigarren. Bere sasoiari buruz ezer gutxi esan dezakegu; ez errepikatzearren, soilik azpimarratu lehenengo bi hitzordu hauetan izaten ari den erregulartasuna. Eskuarki, eta hori eibartarrak berak onartu du, Munduko Kopako lehenengo probetan nahiko makal lehiatzen da. Aurten, berriz, badirudi «akats» hori gainditzen ikasi duela.

Eiter eta Verhoeven nagusi

Suitzako etaparen kronika hasteko, emakumezkoen mailari erreparatuko diogu. Eta irabazlearen historiari dagokionez, badirudi gidoia ez dela aldatu. Beste behin, Angela Eiterrek irabazi du. Eta nagusitasun osoz irabazi ere. Bigarren proba honetan 39 neskek hartu zuten parte, eta austriarrak soilik kateatu zituen sailkapeneko, finalerdietako eta finaleko bideak. Hirutik hiru; harrigarria. Bi proba jokatu dira eta bi proba horiek irabazi ditu. Hortik aurrera, ezer gutxi esan daiteke.

Finaletatik kanpo, besteak beste, Sandrine Levet, Muriel Sarkany eta Jenny Lavarda geratu ziren. Sartu, berriz, zirkuitu honetan hasiberri batzuk: Anda bera, Florence Pinet... Gero eta indartsuago dagoen Mina Markovic esloveniarra bigarren izan zen, eta hirugarren Emily Harrington estatubatuarra. Zortzi finalista horietatik laugarren Charlotte Durif frantziarra izan zen, bosgarren Yuka Kobayashi japoniarra, seigarren Natalija Gros esloveniarra, zazpigarren Anda eta zortzigarren Pinet frantziarra. Arabarra pozarren zegoen egindakoarekin: «Egundokoa izan da finalean sartzea. Finalerdietan nengoela oso tentsio handia bizi izan nuen. Oso ondo eskalatu nuen, den-dena ematen eta azkenean finalera pasa nintzen. Finalean, berriz, oso lasai jardun nuen». Bi proba horietan erdietsitako puntuei esker, behin behineko sailkapenean 11. postuan dago gasteiztarra.

Mutilen mailan, bestalde, oso lehia estuak bizi izan ziren. 49 eskalatzaile izan ziren Zurichen, eta oso bide zailak jarri zizkieten. Izan ere, bai finalerdietako bai finaleko bideak ezin izan zituzten kateatu. Gizonezkoetan ere zortzi lagun pasa ziren finalera; Tomas Mrazek txekiarra, adibidez, finaletik at geratu eta hamargarren sailkatu zen.

Finalista gehienek adierazitakoaren arabera, oso bide arraroa eta oso pauso luzeduna jarri zieten. Hasi bezain laster, hirugarren txapan, David Lama, Flavio Crespi eta Edu Marin erori ziren. Beste batzuek, berriz, buruhausteak sortu, nekatu eta pixka bat gorago bukatu zuten euren jarduna. Onena, hots, irabazlea, Jorg Verhoeven holandarra izan zen. Bigaren postua Usobiagarentzat izan zen eta hirugarrena Cedric Lachat suitzarrarentzat. Ramon Julian katalana laugarren sailkatu zen, Sylvain Millet frantziarra bosgarren, Marin katalana seigarren, Crespi italiarra zazpigarren eta Lama austriarra zortzigarren. Azpimarratzeko modukoa da Toledoko Eric Lopez gazteak (oraindik junior mailakoa da) erdietsitako 12. postua.

Eibartarra dagoeneko behin-behineko sailkapenean bigarren dugu, Verhoevenen atzetik. Hirugarren proba uztailaren 12 eta 13an jokatuko da, Chamonixen (Frantzia).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo