Hirukoa osatzearen alde agertu da EA Arabako Biltzar Nagusietan
Azken unera arte ez da jakingo gaur goizean Arabako Biltzar Nagusietako presidentearen eta Mahaiaren hautaketan emango den bozketaren nondik norakoa. Eusko Alkartasuna hirukoa osatzearen alde agertu den arren, EAJk ez ditu itxitzat jo gainontzeko alderdiekin dituen negoziaketak. Bestalde, EAE-ANVk EAko Lauren Uriari kargua ez hartzeko eskatu dio, bere eserlekua alderdi ekintzailearena delako.
GARA |
Arabako Biltzar Nagusietako Mahaia eratuko da eta presidentea hautatuko da gaur goizean, baina oraindik ez dago batere argi zer nolako bozketa irudikatuko duten alderdi politikoek. Eusko Alkartasunak atzo aditzera eman zuenez, gaurko egunaren karietara PSErekin hasitako negoziaketak bertan behera gelditu dira «PPren presioei men egiten» ari delakoan. Hala, hirukoa osatzearen alde agertu da. Baina EAJk, aldiz, oraindik aukera guztiak ez ditu itxitzat eman.
Goizeko hamarretan emango zaio gaur hasiera Arabako Biltzar Nagusien osaketari. Gaurkoan, soilik, Biltzar Nagusietako Mahaia eta presidentea hautatuko dira, eta herrialdeko ahaldun nagusia hautatzeko, ostera, uztailaren 20ra bitarteko epea eskaintzen du legediak. Hala, nahiz eta gaur bertan hautatu beharko diren bai mahaia baita presidentea ere, oraindik ez dute alderdi politikoek aditzera eman zer nolako jarrera azalduko duten bozketa unean.
Eusko Alkartasunak atzo argitu zuen bere joera, baina ez zer bozkatuko duen. EAko zerrendaburu Mikel Mintegik baieztatu zuenaren arabera, indar abertzaleak bertan behera utzi ditu PSErekin hasi zituen negoziaketak. Mintegiren esanetan, hauteskunde garaikoa eta egungo egoera desberdinak dira, batik bat, PSEk hasieran negoziaketarako borondatea zuelako eta, orain, aldiz, «PPren presioei men» egiteko prest dagoelako.
EAJk ate guztiak irekita utzi ditu
«Kezkarekin ikusten dugu PSEk nazionalista espainolen blokera egin duen itzulera», gaineratu zuen EAko zerrendaburuak.
Egoera honen aurrean, Mintegiren esanetan, EAk ez du arrazoizko beste irtenbiderik aurkitzen, ez bada hirukoa osatzea. Beraz, EAren bozak norabide horretan joango direla aurreratu daiteke; are gehiago, atzo arratsaldean EAJrekin bildu ostean.
Baina alderdi jeltzaleak, ordea, atzo arratsaldean ez zituen oraindik «itxitzat» jo negoziaketa lanak. EAJko zerrendaburu Xabier Agirreren esanetan Biltzar Nagusietako presidentearen eta ahaldun nagusiaren gaineko negoziaketek «irekita jarraitzen dute».
EAk bi hautaketok akordio beraren arabera egitea nahi duen arren, jeltzaleek aukera guztiak irekiak utzi dituzte eta ez dute argitu gaur goizean zer nolako jarrera izango duten.
Aiarako bailaran legez kanporatu zuten EAE-ANVren zerrenda, baina batzarkide bat izan beharko luke jaso zituen bozen arabera. Eserleku hori EAko Lauren Uriak egingo du bere eta karguari uko egitea eskatu dio alderdi ekintzaileak.
Udalen osatze egunean EAJren eta EAren artean sortu ziren ika-mikak -Azpeitiako eta Zumaiako kasuak zirela medio- alboratu zituen atzo herrialdeko ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzalea den Markel Olanok. Beasaindarraren esanetan, bi alderdion arteko negoziaketak «blindatu» baitituzte.
Aurretiaz hartu-eman batzuk izan bazituzten ere, astelehenean hasi ziren EAJ eta EA negoziaketa bilkurak egiten. Negoziaketen karietara, Olanok bi alderdion arteko «errespetu eta konfidantza giroa» goraipatu zituen, eta bien arteko akordioa «blindatua» dagoela nabarmendu zuen.
Zumaian eta Azpeitian emandakoaz mintzo, Aldundiari begirako negoziaketak «arriskuz at» daudela ziurtatu zuen Olanok, «horrelako gertaerek laguntzen ez badute ere». Hala, astelehenaz geroztik hasitako negoziaketen harira, jada bi komisio negoziatzaile eratu dituztela esan zuen; bata, programaren gaineko eztabaida bideratzekoa, eta bestea, aldiz, gobernuko sail desberdinen banaketa egiteaz arduratuko dena.
«EAJ-EA ardatzaz» gain, EB-Aralar koalizioa ere Aldundiko gobernuan txertatzeko «aukerak» aztertzen ari direla adierazi zuen Olanok. Hautagai jeltzalearen esanetan, «garrantzitsutzat» jotzen baitu EAJk hirukoa osatzea.
Eusko Alkartasunak, jakin denez, gutxienez baldintza argi bat jarri dio EAJri: Ogasun departamendua jeltzaleen esku ez egotea. Baldintza horren karietara ez zuen txintik ere esan Olanok; soilik, Irungo ustezko lapurretaren gainean, beste alderdi politikoak bezainbeste, arduratua dagoela EAJ.
Legegintzaldian, Olanoren esanetan, «normalkuntza politikoa eta bakea» izango omen dituzte hizpide nagusi. GARA