GARA > Idatzia > Euskal Herria

ELAk elkarlanean aritzea proposatu dio LABi autodeterminazioa aldarrikatzeko

Bilbon egindako agerraldi batean, ELAko Batzorde Nazionalak agiri baten berri eman zuen. Delakoak sindikatu horren pentsamoldea laburbiltzen du hainbat esparrutan. Dokumentu horretan, besteren artean, autodeterminazioaren aldarrikapenean oinarritutako elkarlana proposatzen zaio LABi. German Kortabarria zuzendaritzako kide ohiak azaldu zien hedabideei testuaren edukia, eta «ezinbesteko» jo zuen bi sindikatuak elkarrengana hurbiltzea.

GARA |

ELA sindikatuko Batzorde Nazionalak agiri bat landu du. Delakoan esparru politikoan, sindikalean, ekonomikoan eta sozialean duen prentsamoldea laburbiltzen dute, eta idaki horren edukiaren berri eman zuten atzo Bilbon egindako agerraldi batean.

Agiri horretan, beste zenbait hausnarketaren artean, autodeterminazioaren aldarrikapena helburu, LABekin elkarlana bideratu beharra nabarmentzen du, eta sindikatu horrekin egun dauden «harreman txarrak» gainditzeko nahia agertzen da.

ELAren zuzendaritzakide ohi German Kortabarriak adierazi zuenez, «sindikalgintza abertzaleak» duen egoera «etsigarria» da, bere sindikatuak eta LABek duten erlazio kaskarraren eraginez, eta baloratu zuen «akats larria» dela «gauden egoeran egotea, konfrontazio sindikalak batzuk zein besteak ahultzen baikaitu».

Alde horretatik, Kortabarriak ELAk eta LABek 90eko hamarkadan izandako elkarlana eta batasun giroa gogora ekarri zituen eta, horren ondorioz, Lizarra-Garazi akordioa hitzartu zutela nabarmendu. Hori esanda, azaldu zuen ELA «hitz egiteko prest» dagoela, baita akordio bat bilatzeko ere, nahiz eta hori «90eko hamarkadakoa baino garrantzi handiagokoa» izan beharko lukeen, bere aburuz.

Akordiorako puntu komun horrek, ELAren iritzirako, «arazoei aurre egiteko perspektiba estrategikoa» izan beharko luke, eta «batuketari lehentasuna» eman beharko lioke. «Hori izango litzateke berririk onena ezkerrekoa eta abertzalea den burujabetzaren aldeko oinarri sozialentzat», gaineratu zuen.

Kortabarriak aipatu zuen ere bi sindikatu horiek elkarrengana hurbiltzea «ezinbestekoa» dela, «autodeterminazioaren aldeko sindikatuek norabide komuna» izan behar baitute, eta gaineratu zuen elkarlanerako puntu komun hori «zibila» izan beharko lukeela, «non mehatxuak eta bortizkeriak ez duten lekurik izango».

ELAko kideak adierazi zuen, ildo berari eutsita, autodeterminazioaren bidea ez dela «erraza», baina jarraian gaineratu zuen «bide hori, herriak» egin behar duela, eta gizarteak ez duela onartu behar «Euskadiko eta Madrilgo eliteek hitzartutako akordioak eta irtenbideak».

«Nazionalismo askietsia»

Horiek hala, ELAren dokumentuak salatzen du badagoela Euskal Herrian «nazionalismo askietsi» bat, administrazioan murgilduta dagoena, eta botere ekonomikoen «aliatua» dena. Alde horretatik, sindikatu horren ustez, «oso demokrazia pobrea» dago gure herrian, eta EAJri leporatu zioten ez duela interesik «boza emateaz harago, parte-hartzeko demokrazia» egon dadin.

Hala, ELAkoak «beste estatutismo baten tentazioa» dagoela aipatu zuen: «Euskal Herriko eliteek eta estatukoek» botere banaketa egingo luketena, hain zuzen. Hori «akats» litzateke, eta «ez luke gatazkaren korapiloa konponduko», bere ustez.

«akatsa»

Atzo ezagutarazitako dokumentuan, ELAk dio ETAren su-etena hausteko erabakia «akats larria» izan zela, eta gogor kritikatzen du ere su-etena indarrean egon den bitartean Gobernu espainolak izandako jarrera.

«etsigarria»

ELAko zuzendaritzakide ohi German Kortabarriak «etsigarri» jo zuen «sindikalgintza abertzaleak» duen egoera, eta horren ardura egotzi zion ELAk eta LABek gaur egun duten harreman kaskarrari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo